Denboraldi erdian, helburuak argi
Neskak bigarrenak izan ziren, eta mutilak taula erdian aritu ziren. Bigarren taldeak lehia gogorra du lehen txandara ez erortzeko.
Hondarribia, Santurtzin. AITOR ARRIZABALAGA Arraun denboraldiko denboraldi erdian daude traineruak gutxi gorabehera. Bakoitzak badaki zer egin, eta estropada garaia hasi baino lehen zituzten aurreikuspenak ederki bete dituzte hiru traineruek, oraingoz. Emakumeek lehen postuari eusten diote ETE Ligan, gizonezkoek maila ona erakutsi dute Euskolabel Ligan, eta bigarren traineruan, azkenaldian emaitza okerragoak lortu arren, haien erritmoan jarraitzen dute, oraindik bigarren txandan.
Banderarik gabeko asteburua izan da hau emakumezkoen traineruarentzat. Soilik estropada bat jokatu zuten, larunbatean, Ondarroan. Lehia handiko estropada izan zen, sailkapeneko lehenengoaren (Hondarribia) eta bigarrenaren (Zarautz) artean. Lehen ziabogan Ama Guadalupekoa sartu zen lehenengo, zazpi segundoko abantailarekin. Baina bigarren luzean zarauztarrak hobeak izan ziren, eta ia batera sartu arren, Hondarribia bigarrena izan zen, 29 ehunekogatik. Azkeneko asteetan alderantzizkoa izan da istorioa. Normalean Ama Guadalupekoak irabazi izan dio Enbatari azken luzean, baina ez oraingoan. Bi puntu gorago dago Hondarribia, baina bi goiko traineruek nahiko bideratuta dute jada play-offerako sarrera. Asteburuan etxean izango da emakumezkoen trainerua, Txingudiko banderan, Hondarribian.
Santurtzin izan zen gizonezkoen trainerua larunbatean. Bertan, zazpigarren postua lortu zuten. Chapela izan zuten aurretik, sorpresa emanez haren tanda irabazi baitzuten galiziarrek. Bigarren txandako bigarrena izan zen Ama Guadalupekoa, Donostiarraren atzetik, hiru segundora. Estropada parekatua izan zen, eta azken txanpara arte bigarren txandako lehia tinko mantendu zen. Atzo, Lekeition izan ziren Euskolabel Ligako traineruak. Hondarribia seigarren izan zen, berriro ere bigarren txandako bigarren postua lortuz. Lehia estua izan zen, lehenengoaren eta seigarrenaren artean soilik 16 segundo jarri ziren eta erdian. Sailkapen orokorrean bosgarren postuan kokatu da Hondarribia, Getariatik, ohorezko txandatik, zortzi puntura. Asteburu honetan Ondarroan eta Hondarribian izango dira.
Bigarren traineruak bigarren txandari eusten jarraitzen dio, baina atzetik gogor datoz lehiakideak. Pedreñan lehiatu ziten larunbatean, eta Santanderren igandean. Larunbatean zazpigarren izan ziren, lehenengo txandakoen aurretik, baina atzo, azken aurreko postuarekin gelditu zen Ama Guadalupekoa. Sailkapen orokorrean lehenengo txandatik 5 puntu goraka daude, Lapurdi eta Hibaika atzean dituztelarik. Asteburu honetan Hondarribian eta Errenterian izango dira.

