Bihotzeko bat jasan duen korrikalari bat onera ekarri du Udaltzaingoak
Ibilgailuetan dituzten desfibriladoreak erabili zituzten udaltzainek, korrikalariaren bihotza mugimenduan mantentzeko.
Iazko aurrekontuaren oso antzerakoa izango du Udaltzaingoak Atzo goizean jaso zuen abisua Hondarribiko Udaltzaingoak, korrikalari bat lurrera erori zen, bihotzekoak emanda. Udalak adierazi du azkar batean iritsi zirela bertara udaltzainak, eta haien erantzun azkarrari eta egokiari esker, korrikalaria bizirik atera zela bertatik. Honekin, polizia ibilgailuek gainean daramaten desfibriladorea bertan izatea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi izan dute.
Bertan izan ziren udaltzainak zoriondu ditu Iñaki Vielba udaltzain buruak. Era berean, buruak adierazi du Udaltzaingoaren konpromisoa horrelako ekintzetan erakusten dela. “Edozein larrialdiren aurrean herritarren segurtasuna eta ongizatea lehenesten dituzten agenteak ditugu”, esan du Vielbak. Bihotz biriketako bizkortze maniobrak egin zituzten agenteek, eta desfibriladore automatikoaz baliatu ziren.
Larrialdietako zerbitzuak iritsi zirenean haiek hartu zuten ardura, baina korrikalaria bizirik eraman ahal izan zuten ospitalera. “Esku-hartzeak agerian uzten du zein garrantzitsua den polizia-ibilgailuek kanpoko desfibriladoreak izatea eta agenteek horiek erabiltzeko nahiz bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiteko beharrezko prestakuntza jaso izana”, esan du Vielbak.
Eskura izateko
Ibilgailuetan ez ezik, udaltzainek gainean eraman ditzaketen desfibriladoreak eduki nahi dituzte, horrela, patruila egiten duten bitartean eskura izateko. “Baliabide hori une oro eskura izateak erantzun-denbora are gehiago murrizten lagundu dezake, eta horrek bizitzak salbatzeko aukerak handitzen ditu”, adierazi du Vielbak. Herrian zehar ere badira desfibriladoreak, inoiz zerbait gertatuko balitz, erabiltzeko prestatuak.

