Marmitakoa han eta hemen
IV. Marmitako txapelketa egin zuten Santiago egunean, Zumardikoak elkarteak antolatuta. Hormabiko Zesta Eskola izan zen garaile.
Partaide bat, hark egindakoa dastatzen. Hegaluzea, patata, tipula, piperra, tomatea, baratxuria… ondoren, ura ala salda? Duda ugari izan ziren larunbatean Alamedan, Zumardikoek antolatutako IV. Marmitako txapelketa. Baina baziren ere dudak atzean utzi zituztenak, urte asko daramatzatenak horrelako txapelketetan parte hartzen. Donostitik ere jendea hurbildu zen, Gaztelubide elkartekoak zehazki. 09:00etan hasi ziren, eta azkar batean atera zituzten labainak.
Tipula eta piperrak moztu, hori da lehenengo pausoa. Hegaluzea Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren eskutik jaso zuten, Zumardikoak elkartearen bitartekaritzarekin. Batzuk jada 11:00etarako salda botata zuten, su geldoan eginez, zapore guztiak elkartu zitezen. Beste batzuk, patxada handiagoarekin oraindik 11:30ean patata ere zuritu gabe zebiltzan. Azkenean, batzuk urarekin eta beste batzuk saldarekin, denok aurkeztu zuten haien platera. 18 bikotek parte hartu zuten lehiaketan.
Zumardikoek antolatutako lehiaketetan ohikoa den bezala, parte hartzaile orok bere saria jaso zuen. Baina hiru onenek, sari bereziak. Hirugarren postuan Txanpa elkarteko Manolo sailkatu zen. Bigarren eta lehen postuan, Hormabiko Zesta Eskolako bi bikoteak sailkatu ziren. Lehen postua Amaiarentzat eta Jonentzat izan zen, eta bigarrena Bixenentzat. Poz handiz jaso zituzten haien sariak.
Helduak eta gazteak
Giro ona gailendu zen lehiaketan, eta gainera, belaunaldien arteko harremana argia izan zen. 20 urte inguruko gazteak bertan izan ziren, eta jada lehiaketa asko bizkarrean daramatzatenak baita ere. Hona hemen larunbatean HITZAk ateratako argazkiak:

