EH Bilduk Txenperenearen gaineko azalpen publikoak eskatu dizkio udalari
Udal gobernuari arduraz jokatzeko eta kirol talde eta herritarrekiko errespetu handiagoa erakustea eskatu du EH Bilduk.
Aurreko ostiralean, hilak 17, Cristina Laborda alkateak Txenpereneako proiektuaren gaineko adierazpenak egin zituen sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez. Adierazpen horiek entzun ondoren, EH Bilduk udal gobernuari arduraz jokatzeko exijitu dio, baita egungo egoera zein den argitzea eta proiektuak aurrera egitearen ezintasuna non dagoen modu garbi eta publiko batean azaltzea ere. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela azpimarratu dute.
“Plaiaundiko kirol-instalazioen lekualdatzea gure eskualdeko zor historikoetako bat da, Irungo PSE-EEk eta EAJk azken urteotan egindako adierazpen eta iragarkietatik harago bete gabe jarraitzen duena”, azaldu dute. 2025eko martxoan, EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zuen gaia, eta bertan onartu zen sei hilabeteko epean lekualdaketan ardura duten erakundeen konpromisoak zehaztuko zirela. “Sei hilabeteko epea pasata, zehaztapen horien gaineko berririk ez ezik, PSE-EEren eta EAJren arteko eztabaida publiko berria izan da azken egunotan. Sozialistek eta jeltzaleek elkarri leporatu diote proiektua geldirik egotea, eta beste behin ere, proiektu garrantzitsuetan aurrera egiteko duten ezintasuna erakutsi dute”, adierazi dute.

