Garaipenarekin hasi du Kanpanek Hondarribia Grand Slama
Partida berdintsua izan zuen pilotariak aurreko ostiralean. Aste honetan Txanikaren txanda izango da.
Oier Kanpandegi puntista hondarribiarrak etxeko lehiaketa jolasteko aukera izango du bigarren urtez jarraian, eta oraingoz ederki hasi du, garaipenarekin. Erikekin batera egingo du bikotea Kanpanek, eta lehen partida aurreko ostiralean jokatu zuten.
Berdindutako partida izan zen Hormaetxea eta Aratz bikotearen aurka jokatutakoa. Lehenengo jokoa Hormaetxearen eta Aratzen aldekoa izan zen, Erik eta Kanpan 10 puntotara utzita. Bigarrena aldiz, alderantziz, 15-13. Hirugarren jokora iritsi ziren bi bikoteak, 5 puntutara jokatzen dena, eta azkenean etxeko pilotariak eraman zuen garaipena 5-3.
Giroz bete zen Jostaldi, eta noski, haren alde izan zituen Kanpanek bere lagun eta ingurukoak. Hurrengoa, Txanika izango da, ostiral honetan jokatuko baitu bere lehen partida: Txanika – Bailo VS Bixente – Ekhi.

