Urrezko Intsignia nori eman erabakitzeko prozesua ireki du udalak
Jai Nagusietan herriko aitortza gorena nork jaso proposa dezakete hondarribiarrek hilaren 20tik 27ra.
Iaz Alberto Lasa Ansalasek jaso zuen Hiriko Urrezko Intsignia. Hondarribiko Udalak jakinarazi du Hiriko Urrezko Intsignia nori eman erabakitzeko prozesua abiatu duela. Aurreko urteetan bezala, hondarribiarren esku geratuko da Jai Nagusien testuinguruan herriaren aitortzarik gorena zein pertsona edo erakundek jasoko duen. Hala, hautagaitzak jasotzeko epearen berri eman du udalak: hilaren 20tik (astelehenetik) 27rako tartean aurkez daitezke proposamenak udalaren webgunearen bidez, edo HAZ bulegoan. Iaz, Alberto Lasa Ansalas musikariak jaso zuen. Hondarribiaren alde egindakoa aitortzea du misio izendapen horrek.
Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorakoek proposa dezakete nori eman Urrezko Intsignia. “Hautagaiak pertsona fisikoak zein erakundeak izan daitezke, baldin eta Hondarribiaren alde egindako ekarpenagatik aitortza merezi badute. Izan ere, Hiriko Urrezko Intsigniaren bidez, udalak herriaren garapenean, bizitza sozialean, kulturalean, ekonomikoan edo bestelako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsona eta erakundeen lana, konpromisoa eta ekarpena aitortzen ditu”, zehaztu du udalak.
Behin proposamenak jasota, horien azterketa egingo du udaleko Bozeramaileen Batzordeak hilaren 28tik abuztuaren 4ra. Ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artean gehienez hiru aukeratuko ditu batzorde horrek, eta ondoren, herritarrek erabakiko dute hautatuak izan diren horien artetik Urrezko Intsigniaren jabe nor izango den, bozketa bidez.
Udalak herrikideei dei egin die prozesuaren zati aktibo izan daitezen. “Urrezko Intsignia hondarribiarron aitortza da, eta, horregatik, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea. Herri gisa harro sentiarazten gaituzten pertsonak eta erakundeak balioan jartzeko aukera paregabea da”.

