Erromatarren azokak Irungo kaleak hartu ditu
Asteazkenetik igandera bitarte, 70 postuko azoka erromatarra bisitatzeko aukera izango dute irundarrek, goiz eta arratsaldez.
Irun Oiasso bihurtu da. Erromatarrek Irungo kaleak hartu dituzte, eta urtero legez, erromatarren garaira atzera egin dute. Aste honetan, Dies Oiassonis jaialdi erromatarra antolatu dute hirian. 50 jarduera baino gehiagoren bitartez, erromatarren bizimodua nolakoa den azalduko dute egunotan, eta horiek eszenaratzeko aukera izango dute. Jardueren egoitza nagusia Oiasso museoa eta ondoko plaza den arren, kalera ere atera dituzte jantzi erromatarrak. Asteazken arratsaldean inauguratu zuten, eta igandera bitarte, 70 postuko azoka erromatarra ikusgai egongo da, Luis Mariano eta Jenaro Etxeandia plazetan eta Fermin Calbeton kalean.
Gaurkoan eguraldia lagun izan ez arren, azoka irekita egon da goizean zehar eta herritarrak bertan izan dira produktuak kuxkuxeatzen eta produktuak erosten. 11:00etatik 14:30era irekita egongo da; eta arratsaldean, berriz, 17:00etatik 20:30era. HITZA bertan izan da, eta postuetako artisau zein saltzaileak itxaropentsu dira asteburuari begira: “Espero dugu asteburuan eguraldi ona egitea eta jendea hurbiltzea”. Gauean, Convivium afari erromatarra antolatuko dute Jenaro Etxeandia plazan, sarrerak 30 euroan.
Bestalde, bihar jaialdi erromatarraren egun handia izango da. Arratsaldean, Navidium Isidis desfilea egingo dute, eta gauean zirko erromatarra antolatuko dute San Juan plazan. Bi emanaldi egingo dituzte, 21:00etan eta 23:00etan. Dagoeneko San Juan plaza zirku bilakatu da eta espaloia hondarrez bete dute. Goizean hutsik zeuden harmailak jendez lepo izango dira bihar gauean. Igande eguerdian, 12:00etan, azken emanaldia egingo dute. Larunbateko emanaldietarako sarrerak 5 euroan erosi daitezke Amaia KZ webgunean, eta iganderako sarrerak, 4 euroan.
Hemen jaialdiaren egitaraua osorik kontsultatu daiteke. Jarraian, HITZAk gaur goizean azoka erromatarrean ateratako argazki-sorta:

