Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak genero indarkerian aditua den udaltzain arduraduna eskatu du
Udala genero indarkeriaren kasu larri guztietan akusazio partikular gisa pertsonatzea eskatu du elkarteak.
Atzo, hilak 15, udalak herritarren segurtasuna hobetzeko hainbat neurri iragarri zituen, eta honela, Udaltzaingoaren lana indartzeko beste bi tresna eskuratu. Batetik, justizia-administrazioarekiko koordinazioa hobetuko dute; eta horrek, delitu-errepikatzaileen kontrako udalaren erantzuna handitzeko aukera emango du. Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak alkatearen adierazpenak entzun ostean, genero indarkerian aditua den udaltzain arduradun bat ezartzeko proposamena egin dio udalari.
“Iparraldearen eta Nafarroaren arteko mugaren singularitatea behin eta berriz jarri dugu mahai gainean Berdintasun Batzordean”, adierazi dute. Horregatik, “politika ausartak eta baliabide espezifikoak” eskatu dizkio elkarteak udalari, enegarrenez.
Proposamenaren baitan, bi kontu ezartzea exijitu dizkio. Batetik, Ertzaintzarekin eta Udal Gizarte Zerbitzuekin koordinatuko den genero indarkerian aditua den udaltzain arduraduna ezartzea. Figura hau Irunen ez dago, hiribuetan, aldiz, bai. Eta Irun muga-hiri izateagatik figura hori izatea beharrezkoa dela adierazi dute; batez ere, genero indarkeria jasaten duten emakumeei ahalik eta segurtasun eta laguntza handia emateko.
Bestetik, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak udala genero indarkeriaren kasu larri guztietan akusazio partikular gisa pertsonatzea exijitu du. “Emakumeen bizitzaren, osotasunaren eta askatasunaren aurka egiten dutenetan ere pertsonatu behar du, ez kasu batzuetan bakarrik”, azpimarratu dute.
“Horregatik, eskatzen dugu tresna hauek emakume guztien segurtasunarekiko benetako konpromisoaren hasiera izatea”, bukatu dute.

