Iker Piñeira Europako Txapelketan lehiatuko da asteburu honetan
Rietin (Italia) izango da Europako 18 urtez azpiko atleta onenekin batera, bihar eta larunbatean jokatuko den 200 metroko proban parte hartuko du.
Espainiako txapeldun izan ostean, Iker Piñeira 18 urtez azpiko Europako Txapelketan izango da asteburu honetan. Rietin (Italia) jokatuko dute, eta Super Amara BAT taldeko atleta gazte mailako elitearekin batera arituko da. Piñeira urtebete besterik ez darama atletismoan, futbola utzi ondoren. Hilabeteotan pilatutako emaitzen saria izan da Europako Txapelketarako txartela.
200 metroko lehenengo proba bihar, hilak 17, izango du 12:15etik aurrera. Egun bederatzigarrena da sailkapenean, eta bihar lehenengo txandan arituko da. Ostiralekoa gainditzea lortzen badu larunbat eguerdian, 12:30ak aldera, finalaurrekoak izango ditu. Klubak adierazi duenez, Piñeiraren helburua larunbatean jokatuko den finalera sailkatzera izango da. Finala 19:25ean hasiko da, eta klubak espero du Piñeira bertan izatea. 18 urtez azpiko Europako Txapelketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute irundarrek RTVE Play plataformaren bitartez.
Bestalde, asteburu honetan 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatuko dute Albaceten. Super Amara BAT taldeak ordezkaritza zabala izango du; guztira, hamalau atleta izango dira. Noa Sevilla, 200 metrotan; Markel Garrancho eta Seckou Sissoko, 400 metrotan; Alai Cabello, 800 metrotan; Israa Rahali eta Izaskun Sanz, 1.500 metrotan; Lukas Cabezon eta Julen Mendoza, 3.000 metro oztopoetan; Jon Gajate, 110 metro hesidunetan; Alaine Agerralde, 400 metro hesidunetan; Imanol Ibarbia, pertikan; Naia Llorente, gorako jauzian; Noa Esteban, xabalinan; eta, Arielle Antoinette Ngole, diskoan.

