Bidasoako sukaldeek badute etorkizuna bermatuta
Martxel Elizondok (Estebenea) eta Elena Zaragozak (Alameda) sari bana jaso dute Donostia Gastronomikaren Talent sarietan.
Donostia Gastronomika kongresuak talentu berriaren sariak eman berri ditu aste honetan. Urrian egiten da sukaldaritza kongresua, baina urtean zehar lan eta lan aritzen dira, gastronomia munduko eragileekin elkarlanean. Gazteen lana saritzea da xedea, 40 urtetik beherakoena zehazki. Sukaldariak, metreak, sommelierrak, ekintzaileak… denetarik saritzen da, beti ere, noski, ostalaritzarekin zerikusia izanda. Bidasoako bi jatetxek jaso dituzte sariak.
Atzo banatu ziren sariak, Maria Cristina hotelean, eta Bidasoako bi jatetxeetako bi langile etxera haien trofeoarekin iritsi ziren. Martxel Elizondo parrillero onena aukeratu zuten. Estebenean ari da lanean Elizondo, eta ez da lehenengo aldia saria jasotzen duena. Iaz, beste txapelketa batean Espainiako parrillero onena aukeratu zuten. Historia handiko lekua da Estebenea, Irungo Olaberria auzoan, eta ederki dakite haragia nola kudeatu. Inguruko ganadutegiekin ere lanean dihardute, bertako haragia bertan zerbitzatzeko.
Alameda jatetxeko Elena Zaragozak jaso du areto zerbitzu onenaren saria. Mitxelin izarra gordetzen du Alameda jatetxeak duela mende laurden bat baino gehiagotik. Hori bera bertan egiten den lan gogorraren seinale da. Askotan sukaldean jartzen dira fokuak, sukaldarien lana begiratuz, baina horrelako lorpen bat ez da soilik sukaldean egosten. Aretoko zerbitzuak berebiziko garrantzia du, bezeroak eroso sentitu daitezen.

