GI-636 errepideko trafikoaren irtenbidearen proposamena egin du EH Bilduk
EH Bilduk alegazioak helarazi dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuari, ez duelako trafikoa "behar bezala" bereizten.
GI-636 errepideak trafiko bolumen handia du egunak joan, egunak etorri. Gipuzkoako Foru Aldundiak bertako trafikoa arintzeko proiektua aurkeztu zuen, eta proiektu horren barruan, trafikoa arintzeko bi biribilgune egiteko proiektua aurkeztu zuen: bata, GI-636an, eta bestea, N-638an. Proiektu horrek zalantzak sortu ditu, eta Irungo zein Hondarribiko EH Bilduk alegazioak helarazi dizkiote aldundiari.
“Azpiegitura honen arduradunek ez dute GI-636 errepideko trafiko arazoari benetako irtenbidea emateko erabakirik hartu”, adierazi du Oihana Brionesek, Irungo EH Bilduko ordezkariak. Era berean, nabarmendu du egungo egoera jasangaitza dela, “auto ilarak, pilaketak eta mugikortasun arazoak ohiko bihurtu dira”. Halaber, aldundiaren proiektuak ez du trafikoa “behar bezala” bereizten koalizioko kideen ustez.
EH Bilduk, azken hilabeteetan, Bidasoa Eskualdeko Mugikortasunerako Plan Integrala landu du. GI-636 eta N-638 errepideen arteko lotura gunean alturazko biribilgune bakar bat eraikitzea proposatu du besteak beste. Horrela, trafiko nagusiaren jarioa bermatuko dute, fluxu nagusia eta lotura-mugimenduak maila desberdinetan bereiziz.
Brionesekin batera, Hondarribiko EH Bilduko ordezkaria ere izan da agerraldian. Garoa Lekuonak azaldu du aldundiaren proposamena ez dela gaur egungo egoera iraultzeko gai izango: “Bereziki, fluxu handiko orduetan pilaketak areagotzeko arriskua dakarrela uste dugu”.
Horregatik, aldundiari aurkeztutako alegazioak aintzat hartzeko eta “gure proposamenaren abantailak” aztertzeko eskatu diote. “Helburua ez da lotura berri bat egitea soilik, helburua eskualdeko mugikortasun arazoari behingoz irtenbidea ematea da”.

