Ernaik onartezintzat jo du espainiar selekzioa ikusteko pantaila ezartzea
Gazte independentistek Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute, eta euskal ikurrak kalera ateratzeko dei egin diete.
Atzo, espainiar selekzioak Munduko Kopako finalerako txartela eskuratu zuen Frantziakoa mendean hartuta. Partida bukatu eta berehala, Cristina Laborda alkateak igandeko partida ikusteko pantaila erraldoia jarriko duela adierazi zuen sare sozialen bitartez. Ernaik “onartezintzat” jo du partida ikusteko pantaila bat ezartzea San Juan plazan. “Igandekoa ez da isolatutako gertakaria, españolismoaren beste erakustaldi argi bat ekarriko du”.
Partidaren aitzakiarekin, nazionalismo espainiarrarem aldeko jarrera instituzionala berriz ere kalera aterako dela nabarmendu dute, EAJren konplizitate politikoarekin batera. “Cristina Laborda alkate duen gobernuak, euren esanetan, sistematikoki baztertzen eta zapaltzen du Euskal Herria eta euskaldunon identitatea, eta espainiar nazio‑ikuspegiaren normalizazioan lan egiten du”. Era berean, udalak euskararekin zerkusia duen jarduera orori trabak jarri edo zuzenean debekatzen dituela salatu dute.
Egoera honen aurrean, gazte independentistek Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute, eta herritarrei dei egin diete euskal ikurrak kalera ateratzeko, balkoietan jartzeko eta Euskal Selekzioaren kamisetak janzteko. Ernairen esanetan, ekintza sinboliko horiek ezinbestekoak dira espainiar selekzioaren inguruko presio mediatiko eta instituzionalari aurre egiteko, eta euskal gazteriaren ahotsa kalean eta plazan entzunarazteko.
Horregatik guztiagatik mezu argia helarazi dute: “Selekzio eta ospakizun arrotzek ez dute euskaldunen identitatea ordezkatzen, eta beharrezkoa da euskal selekzioaren aitortza instituzional zein soziala lortzeko presioa areagotzea”.

