Irungo Etengabeko Arreta Guneak arreta indartu du
2026ko lehen seihilekoan estaldura askoz egonkorragoa egituratu du, eta bi lanpostu berri gehitu dituzte: medikua eta erizaina.
Irungo Etengabeko Arretako Guneak asistentzia zerbitzua indartu du 2026ko lehen seihilekoan. 2024tik gaurdaino zerbitzuaren antolaketan aurrerapauso nabarmenak egin dituzte arreta hobetze aldera, eta aurten bi lanpostu berri gehitu dituzte: medikua eta erizaina. Hortaz, herritarren eskariari erantzuteko antolamendu sendoagoa edukiko du. “Hobekuntza ez da puntuala, Bidasoako ESIk izandako bilakaera progresiboari erantzuten dio”, adierazi dute. Pedro Morrondok, Bidasoa ESIko zuzendariak, argi kontatu du: “Helburua argia da, arretaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, etengabeko arreta indartzea eta profesionalen ongizate emozionala ere zaintzea”.
2024an EAGren errefortzua mugatuagoa zen, baina 2026tik aurrera, urteko arratsalde guztietan bi erizain izango ditu; eta astelehenetik ostiralera, arratsaldero, bi mediku ere. Horrela, estaldura askoz egonkorragoa egituratuko dute; batez ere, asistentzia-presio handieneko uneetan. Medikuen presentzia lanegun guztietan indartuko dute: urtarrilean, otsailean eta Aste Santuan, eta orain ere, uztailean, abuztuan eta abenduan. “Alegia, urteko egunen erdietan baino gehiagotan laguntza-txandak izango dira”, azaldu dute.
Apiriletik, EAGk koordinatzaile bat du, asistentzia eta kudeaketa funtzioak bere gain hartzen dituena. Hori gutxi ez, barne koordinazioaz eta antolamenduaz ere arduratuko da. Egungo plantillak lau zeladore, bost erizain eta zazpi mediku ditu. Egitura berri honi esker, etengabeko arreta sendotuko dute, eta zerbitzua berme handiagorekin emango dute. “Plazen jarraipena, presentzia profesionala eta txandak betetzea plangintza zorrotzago bati esker lortu dira”.

