Urrezko eta brontzezko domina bana 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan
Alejandro Esteban xabalinako Espainiako txapeldun izan da, eta Bruno Cagigosek diskoan brontzezko domina eskuratu du.
Asteburu honetan, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu dute Caceresen. Super Amara BAT taldeak ez du hutsik egin, eta han izan da taldeko bederatzi atletarekin. Guztiek emaitza onak lortu dituzte, taldeak balorazio positiboa egin du. Nabarmenenak Alejandro Estebanek xabalinan lortutako urrezko domina eta Bruno Cagigosek diskoan lortutako brontzezkoa izan dira.
Xabalinako jarduna oso lehiatua izan zen, seigarren eta azken jaurtiketan erabaki baitzen dena. Super Amara BATeko atletak 74,25 metroko jaurtiketa egin zuen, marka pertsonala 3 metrotan hobetuz. Gainera, lortutako marka Espainiako maila absolutuko zortzigarren marka onena da.
Diskoan ere lan handia egin zuen Cagigosek. Bigarren urtez jarraian, Espainiako hirugarrena izan da. Oso erregularra izan zen, eta azken saioan bere marka gainditzea lortu zuen. 49,13 metroko jaurtiketa egin zuen, eta berriro ere 50 metrotik gertu ibili da.
Domina lortu gabe, emaitza onak
Podiumetik kanpo izan arren, bestelako zazpi atletek maila oso onean izan dira. Ander Aramendi 1.500 metroko proban aritu zen, eta finalerako txartela lortuta zazpigarrena izan zen azken proban. Carla Arwen Martinez 100 metroko finalean zazpigarrena izan zen, lesio batetik bueltako lehen txapelketan. Mikel Aramendik lehia estua izan zuen 3.000 metro oztopoetan; azkenean, zazpigarrena izan zen. Aritz Zuazo altuera jauzian zortzigarrena izan zen, 1,90 metroko jauzia eginda.
Alejandro Perek, Unax Erasok eta Mario Estangak ez zuten besteak izandako zorterik izan. Perek ezin izan zuen finalaurrekoen txanda igaro 400 metrotan. Erasok ere ezin izan zuen marka pèrtsonala hobetu, mailuan hamaikagarren postuan izan zen. Estanga hamabigarrena izan zen pertikan. 4,60 metroko langa gainditzea lortu zuen, baina ez zuen 4,75 metroko langa gainditzerik lortu.

