Palestinako egoera salatzen jarraitu nahi dutelako
Etxara elkartearen ekimenez batu dira Kasino Zaharrean. Bazkaldu ondoren, Gazatik zuzenean iritsitako mezu bat irakurri dute, bertakoen esker ona adieraziz.
Beste behin Palestina erdigunean jarri dute, beharrak hala eskatzen duelako. Hirugarren aldiz egin dute Etxara Palestinaren aldeko elkarteko kideek elkartasun bazkaria. 160 lagun inguru elkartu dira Hondarribiko Kasino Zaharrean, baina oraingoan, itzaletan. Duela bi urte jasandako beroa ez da berriro errepikatu, zuhaitzen gerizpean freskotasuna bilatu dute eta.
Aurreko urtean moduan paella errepikatu dute. Palestinako banderak, margoketak, pankartak, kamisetak… denetarik ikusi da. Azkeneko urteetan Hondarribiko herritarrek erakutsi dute badutela konpromiso argi bat Palestinako jendearekiko, eta prest daudela haien laguntza bertara bidaltzeko. Bazkariko dirua Gazara bideratuko dute, hainbat kontaktu dituzte eta bertan.
Gazako jendeak eskerrak eman izan ohi die, haien laguntzarengatik. Mezu horietako bat irakurri dute gaur, bazkaldu ondoren, hondarribiarrak konturatzeko haien ekarpen txikiak baduela eragina. Hau da Gazatik iritsitako mezua, euskarara itzulia:
“Gazako probintziatik, hondartzaldeko kanpamendu eremuan, biztanleriak Israelen okupazioak eragindako krimen lazgarrienak jasaten ditu, tartean jazarpen etnikoaren gerra, genozidioa, gosea eta suntsiketaren politika; okupatzaileak bizitzaren arlo guztiak suntsitzen ditu, hala nola azpiegiturak, eskolak eta ospitaleak, biztanleak inolako defentsarik gabe utziz”.
“Hala, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euskal sindikatuei, eta baita euskal herri handiari beren ausardiagatik eta beren palestinar herriaren askapen eta autonomiarako borrokarekiko sostenguagatik. Baita gure eskerrik beroenak Israelen eraso bortitzaren aurrean daramagun erresistentzia indartzeagatik”.
“Espero dugu zuen lurretan erresistentzia tinkatzeko babes gehiago. Palestinar herriaren borroka aitortzea, eta elkarrekin, askapena eta independentzia bilatzea, errefuxiatuak lagunduz beren autonomiaren bilaketan, Gaza eta Palestinaren nahikundean oinarrituta”.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:

