Ondartza futbol zelaiak belar artifiziala izango du
Hondarribiko Udalak adierazi du zelaiko mantentze eta berritze lanak haren gain hartuko dituela. Horrela, futbol elkarteak hainbeste urtez eskaturikoa beteko dute.
Azkenean, Hondarribia Futbol Elkarteak poztasunez begiratzen dio Hondarribiko Udalaren azken berriei. Lortu dute haien Ondartza futbol zelaiko belarra aldatzeko prozesua hastea. Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari eman zion baimen hori gauzatzeko eskumena, eta aste honetan iragarri zuen EAJk baimena prest zegoela. Hondarribiko jeltzaleek Hondarribiko Udalari adierazi zioten haien txanda zela, eta udalak hori bera egin du.
Aldaketa nagusia oraingo belar naturala belar artifizialarengatik aldatuko dela izango da. Baina ez da berrikuntza bakarra izango. Futbol zelaiaren mantenu orokorraz arduratuko da udala. Adibidez, uraren drainatze sistema guztia berrikusiko da, eta euri uraren bilketa zuzenean Higer araztegiarekin lotuko da. “Esku-hartzeak eragin zuzena izango du bai kirol-praktikan, bai egunero bertara gerturatzen diren ehunka erabiltzaileen esperientzian, eta bereziki Hondarribia Futbol Elkartearen jardueran”, esan du alkate Igor Enparanek.
Urte amaierarako lanak
Udal gobernuak adierazi du udaletxeak 2025eko abenduan aurkeztu zuela aldaketa prozesu hau gauzatzeko baimen eskaera, eta horren ondoren jarraipen zehatza izan duela denak. “Hainbat bilera politiko, tekniko eta juridiko egin dira administrazio eskudunekin, bai eskaera aurkeztu aurretik, bai ondorengo hilabeteetan ere, espedientearen tramitazioa bultzatzeko eta beharrezko argibide guztiak izateko”, adierazi du alkateak.
2019an egindako proiektua eguneratu beharko du udalak, eta era berean, beharrezko finantzazioa zehaztu beharko du. Ondoren, lizitazio prozesua ireki beharko du udalak, eta adierazi dutenez, urte amaieran obrak hastea aurreikusten dute. Horrenbestez, Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldeak beste zelai bat beharko du haien partidak jolasteko. Gainera, aurten, igoera lortuz, Ohorezko Mailan lehiatuko dute.

