GazteARTEan bekaren zortzigarren edizioa, abian
35 urtetik beherako gazteentzat zuzenduta dago beka, eta urriaren 5era arte proposamenak aurkezteko epea izango dute.
35 urtetik beherako gazteen ikerketa lanak sustatzeko GazteARTEan beka abian da zortzigarren urtez jarraian. Ikerketa hauen gaitegia zabala izango da beste urte batez, beti ere, nerabezaroa gaitzat duten ikerketak baldin badira. Beka honen helburuak garapen autonomoa babestea, gazteen artean ikerlana sustatzea eta udalaren eta gazteen arteko elkarlana irekitzea dira. Edizio honek 8.000 euroko aurrekontua izango du, eta aukeratutako lanak zortzi hilabeteko epea izango du garatzeko.
Irungo gazteen parte-hartze zuzen eta aktiboa jasotzen duten proposamenak kontuan hartuko dituzte. Era berean, erabilitako metodologiaren originaltasuna eta berrikuntza baloratuko dira, baita gazteen esperimentazioa eta partekatutako ikaskuntza ahalbidetuko duten hausnarketa-prozesu irekiak txertatzea ere.
Aurreko edizioetan hainbat gai jorratu zituzten; hala nola, maitasun harremanak eta portaera sexualak 2018an eta 2o19an; 2021ean, LGTBQ+ gazteriaren errealitatea; 2022an, osasun mentala; eta 2023an, sare sozialak. Iazko edizioan Contra paisajes ikerketa ekintza parte hartzaileko proiektua hautatu zuten. Bertan, ikuspegi intersekzional eta transfeminista batetik identitate eraikuntzako prozesuak aztertu zituzten.
Zortzigarren edizioko proposamenak aurkezteko azken eguna urriaren 5a izango da.

