"Dies Oiassonis jaialdi bat baino gehiago da"
Datorren astean Irun Antzinako Erroman murgilduko da, Dies Oiassonis jaialdiaren XVI. ekitaldia antolatuko baitute. Aurtengoa oso berezia izango da, Oiasso Museoak 20 urte beteko ditu eta.
Dies Oiassonis jaialdiak 16 urte beteko ditu aurten, eta datorren asteartetik (hilaren 14tik), igandera bitarte gustu guztietarako hamaika jarduera antolatuko dituzte Irungo hainbat txokotan. Oiasso Museoa izango da jardueren egoitza nagusia. Aurten, gainera, museoak 20. urteurrena ospatuko du.
Aurtengoa Dies Oiassonis jaialdiaren hamaseigarren edizioa izango da. Berritasunik izango al da, edo ohiko programari eutsi al diozue?
Berritasunak beti daude. Baina urtez urte baditugu jarduera batzuk hainbat arrazoirengatik mantendu ditugunak. Programazioaren aldetik, egitarau orokorra dugu; eta beste alde batetik Oiasso Museoak antolatutakoak daude. Historiarekin lotura handiagoa duten jarduerak izaten dira museokoak. Udalarekin elkarlanean sortzen dugu ekitaldien zerrenda, eta azken urteetan Meridarekin (Extremadura, Espainia) harremana sendotzea lortu dugu.
Uste dut ez garela kontziente Meridarekin harremana edukitzeak zer garrantzi duen. Meridan erromatarren mundua oso aberatsa da, eta bertako antzerki jaialdia Espainiako ezagunena da. Gainera, Jesus Cimarro da jaialdiaren zuzendaria, Oiasso Museoaren oso laguna dugu. Egungo ekoizlerik garrantzitsuenetako bat da, urtero ekoizpen oso esanguratsuak egiten dituzte. Meridarekin zubi bat eraiki dugu bertako ekoizpen bat Dies Oiassonis jaialdira ekartzeko.
Aurten ekarriko duzuen ekoizpena zein izango da?
Datorren asteartean, hilak 14, Jason y las furias antzezlana antzeztuko dute Amaia KZ aretoan, jaialdia hasteko. Orain arte, Junkal plazan egiten genituen antzezlanak, baina kasu honetan, azpiegitura sendoagoa behar du obrak. Antzerki handiak dira eta azpiegitura osoagoa behar du, ikusleak baldintza onetan ikus dezan. Kartel oso ona duen antzezlana da.
Antzezlanarekin hasiko duzue, beraz, aurtengo jaialdia. Baina, horrez gain, zein beste aukera izango dira datozen egunetan Irunen?
Tailerrak eta azoka ere izango dira datozen egunetan. Jende askok lan egiten du birsorkuntza historikoa islatzeko. Oso fidelak izaten dira. Medikuntzaren, zeramikaren, idazketaren eta beste hainbat arloren inguruan tailer oso bereziak egingo ditugu. Erakusteaz gain edo gauzak saltzeaz gain, jendearekin hartu-emana izatea garrantzitsua da. Jendea horietatik pasatzean galderak egiten ditu, eta azalpenak ematen zaizkie.
Urteroko jarduera arrakastatsuena San Juan plazan egiten dugun zirkua da. Hiru ikuskizun egingo ditugu: larunbatean, hilak 18, 21:00etan eta 23:00etan; eta igandean, 12:00etan. Larunbaterako sarrerak 5 euroan dira salgai, eta igandekoak 4 euroan. Terma erromatarren ondoko plazatxoan ere oholtza bat jarriko dugu bakarrizketetarako. Lekua oso atsegina da, denetik gertu zaude, baina era berean pixka bat aparte. Hortaz, emanaldia ondo entzuteko ez da arazorik izango.
Jarduera horien bitartez, historia ikasteko aukera izango al da?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, antzerki tailerretik sortu zen antzerki talde bat dugu, independentea. Patxi Perezek zuzentzen du, eta gure helburua da antzerkiaren bitartez jendeak mundu klasikoa ezagutzea. Mundu zabal bat dago hor, eta nahi gabe historia edo garai bateko ohituren jabe egiten zara, eta nahi eta kezka humanoak nola sortu ziren ere ezagutzen duzu.
Duela bi mila urteko testigantza horiek hor daude. Lehenagoko testigantza idatziak agian ez genituen, baina antzezlan horien bitartez ezagutzen dugu jendearen kezkak zeintzuk ziren. Neurri batean, antzerki erromatarra ezagutzen dugu.
Zein gai landuko dira?
Erromatarren garaian bakarlariak, gizon eta emakumeak, herriz herri mugitzen ziren. Umorez betetako kontakizunetan herrietan zer gertatzen zen azaltzen zuten. Gazteak nola ezkontzen ziren, edo adarrak jartzen ote zizkion batek besteari… Horiek ziren garai hartan jendeari gustatzen zitzaizkion gaiak umorea egiteko, eta orduan, guk horregatik sortu genituen emakumeen monologoak.
Navidium desfilean herritar ugarik parte hartzen dute.
Bai, hala da. Sorkuntza historikoko trajeak kalera ateratzen ditugu, eta Dies Oiassonis sortu zenetik urtero egiten dugu. Oso pozik gaude. Dies Oiassonis jaialdi bat baino gehiago da, erromatarren bizimoduaren isla da. Larunbat arratsaldean (hilaren 18an) izango da Zabaltza plazatik hasita. Bi hilabete daramatzagu desfilea prestatzen, aktoreak bilatzen eta entseguak egiten. Errepresentazio bat da.
Desfileak geldiune batzuk egiten ditu, eta geldiune bakoitzean ikuskizun xume bat egiten dugu. Oso polita da kaletik jendea erromatarrez jantzita ikustea, eta niri ilusio berezia egiten dit gazteak desfilean parte hartzen ikustea. Errepikatzen duten askok dagoeneko bere jantzia dute, etxean egindakoa. Bestela, hemen museoan jantzi asko ditugu desfilerako prest.
Dies Oiassonis jaialdi bat baino gehiago dela esan duzu. Zergatik?
Bai, askotan igartzen dut Dies Oiassonis jaialdi bat baino gehiago dela. Adibidez, haurrekin begien bistakoa da. Haur askok Erromatar Inperioari buruz ikastolan ikasten dutenaz gain, Asterix eta Obelix erabiltzen dute informazio gehiago lortzeko. Hortik hurbiltzen dira, eta gaia lantzen dute.
Hiria jaialdirako prest dago, ilusioa egiten dit jendea gogoz datorrela ikustea. Irundarrak hemen daude, baina kanpotik ere jende ugari dator. Beti dago ikusteko zerbait eta plan polita da, eguna pasatzeko plan bikaina. Urtetik urtera jendeak errepikatzen du, eta horregatik gero eta gehiago dira bisitariak. Behin etorrita, berriro bueltatu nahi izaten duzu.
Jaialdiak bi helburu ditu: batetik, Oiasso zer den ezagutaraztea eta bestetik, Irun kanpora zabaltzea.
Turismoari begirako jarduerak udalak antolatzen ditu, baina beti harremanetan gaude haiekin. Horrela, ekitaldi handiak egitekotan ez dugu ordutegiekin arazorik izaten. Ona da hiriarentzat turismoarena, komertzioek eta hiriak berak behar dute. Larunbatean, adibidez, desfilea ikusteko, pintxoak dastatzeko eta azokaz gozatzeko aukera edukiko dute bisitariek.
Mertxe Urteagak antolatu zuen lehen jaialdia, eta oraindik ere, gogoan dut azken egunean nola bukatu genuen lantalde osoak. Leher eginda, museo kanpoko eskaileretan eserita, baina aldi berean, oso pozik lortutakoarekin. Artisau bat etorri zitzaigun eskerrak ematera.
Erromatarren gaiek egun garrantzia izaten jarraitzen al dute?
Aurrerapenak ekarri zituzten bere garaian. Inperio hitzak kutsu negatiboa duen arren, gauza ugari ditugu haiengandik ikasteko. Duela hilabete batzuk, Maria Jose Noain historialariak termino horren definizioa azaldu zuen. Haren ustez, erromatarrek latina inposatu baino Euskal Herriko ohiturak errespetatuta latina gurera ekarri zuten, euskarari kalterik egin gabe. Erromatarrak bizikidetzan bizitzeko gai ziren.
Oiasso Museoa sortu zenetik Antzinako Erroma landu dugu, eta hala egiten jarraituko dugu. Irunen bertan ondare arkeologiko izugarria dugu eta hori azaltzeko urtean zehar jarduera asko antolatzen ditugu.
Museoa aipatuta, aurten 20 urte beteko ditu. Urteurrenaren egun seinalatua hilaren 20a izango da. Zer antolatu duzue egun horretarako?
Urteko egitaraua urteurrenaren arabera antolatu dugu. Uztailaren 20rako egitarau berezia prestatu dugu, Dies Oiassonis jaialdia bukatu eta hurrengo egunerako alegia. Oraindik ere ez dugu argitaratu egun horretarako programazioa, baina aurreratu dezaket berezia izango dela.
Nola deskribatuko zenuke Oiasso Museoak izan duen bilakaera?
Oiasso Museoa Irunen bertan edukitzea aparteko altxorra da. Ez daukagu estatua handirik, egunerokoan garrantzia izan duten pieza txikiak baizik. Esaterako, bi mila urte iraun duten zapata zolak ditugu, melokotoi hezurrak, edota portuko egur zatiak. Altxorrak dira.
Pieza hauek ikusteaz gain, material grafiko asko dugu museoan. Egun batean piezak ikustera etor zaitezke eta beste egun batean informazioa arretaz irakurtzera etorri. Aukera oso politak ditugu adin guztietako publikorako. Gainera, ostiral arratsaldetan Oiasso Museotik Irugurutzetara ateratzen den Tren Txikitoaren bisita gidatua dugu.
Irugurutzeta berrinauguratu duzue berriki. Nolako harrera izan du?
Erromatarren meategi horrek gaur egunera arte irautea sekulakoa da. 1960ko hamarkadara arte bizirik egon dira, eta azken urteetan konponketa lanak egin ostean, maiatzean berriro ireki zuten. Jende askok ez du ezagutzen Irugurutzeta, eta horregatik hara joatera animatzen dut. Ostiraletan, euskaraz eta gaztelaniaz bisita gidatu bana antolatzen dugu. Irugurutzetako bisita gidatuez gain, Ama Xantalen ermitara bisitak ere antolatzen ditugu. Ermita ere sekulako nekropolia da, eta bertan hainbat mendetako aztarnak ikusteko aukera paregabea dago. Istorio asko daude hor barnean pilatuta. Errekaren ondoan dago, eta ermita barruko hezetasunak bere xarma du.
2025ean bisitarien errekorra egin zuen museoak. Aurten gaindituko al da errekor hori?
Bagenekien errekorra egiteko aukera ugari genituela, batez ere, terma erromatarren irekierarekin. Oso polita izan da errekorra lortzea, baina jakitun gara zifrak normalduko direla. Termen irekiera erokeri bat izan zen, manifestazio baten antzekoa izan zen. Aurrera begira lanean jarraitzen dugu.

