120.000 bidaiari E29 linearen lehenengo urtean
Astelehenetik ostiralera, Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin lotzen duen lineak sekulako gorakada izan du.
2025eko ekainaren 20an E29 autobus zerbitzua martxan jarri zutenetik, 120.000 bidai egin ditu lehenengo urtean. Linea honek Irun eta Hondarribia Donostiako ospitale-eremuarekin lotzen du, astelehenetik ostiralera. Horietatik 67.155 bidai Donostiarantz izan dira, eta beste 53.645 Donostiatik abiatu dira. “Datu positiboa da, eta, gainera, aurten erabilerak etengabe gora egin duela erakusten du, linea Bidasoaldean sendotzen ari denaren adierazgarri”, adierazi du Azahara Dominguezek, Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Autobus zerbitzuaren lehenengo urteurrenaren agerraldian Igor Enparan eta Cristina Laborda bi herrietako alkateak izan dira Dominguezekin batera. “E29 lineak Irungo familia askoren behar argi bati erantzuten dio: Donostiako Ospitalera modu zuzenean, erosoan eta irisgarrian iritsi ahal izateari”, balorazioa egin du Labordak. Era berean, Enparan ere pozik azaldu da E29 lineak “herritarren benetako beharrei” erantzuten baitio: “Oso lotura garrantzitsua da, bai ospitalera joaten diren erabiltzaile eta bisitarientzat, bai Donostiako ospitale-eremuan eta Miramonen lan egiten dutenentzat”.
Hilabetez hilabeteko erabileraren datuei dagokienez, diputatuak nabarmendu du “linearen erabilera sendotzeko joera argia” antzematen dela. “Linea honek agerian utzi du garraio publikoa ezin dela zerbitzu zurruna izan. Malguak eta arinak izan behar dugu erabiltzaileek helarazten dizkiguten beharrei erantzuteko”, amaitu du Dominguezek.

