182 eguneko greba amaitu dute Txinzerreko langileek
Negoziazio prozesua amaituta, ia %20ko hobekuntzak lortu dituzte langileeek. 182 egun eman dituzte greban, eta azkenean, lortu dituzte eskaturiko hainbat neurri.
182 egun pasa dituzte Txinzerreko 35 bat langilek greban, haien lan baldintzen hobekuntzen alde. Erakutsi dute grebak balio duela zerbaiterako, eragina duela goiko bulegoetan, eta orain, ELA sindikatuaren bitartez amaieraren berri eman dute. Lanera itzuliko dira, baina lan baldintza hobeagoekin. Duela urte terdi hasi ziren negoziazioak, eta 2025 urte amaieran, hainbat greba motz egin ondoren, greba mugagabea hartu zuten oinarri.
82 langilerentzako hobekuntzak lortu dituzte greban egon diren 35 pertsonek. Gaur egindako agerraldian, hainbat neurri berri, hau da, hobekuntza iragarri dituzte. Abuztuaren 1etik aurrera jarriko da akordio berria martxan. Hurrengoak:
- Lanpostuen balorazioa adostu da, eta horrenbestez, langileen soldatak %10eko igoera izango du. Horretarako, betetzen dituzten funtzioak ondo adostu behar izan dituzte.
- Gaixotasun egoeran dauden langileek ez dituzte soldatan galerarik izango. Hau bera da azken bi hilabeteetako grebako oinarria.
- Hainbat osagarri arautu dira: txandakako lanaren plusak, amiantoarekin lan egiteagatiko plusak edota guardiak. Orain arte, Txinzerreko langileek adierazi izan dute gaizki ordaindutako edota ordaindu gabeko osagarriak zirela horiek.
- Enpresako hitzarmen kolektiboa berritu da, Udalhitz hitzarmeneko hobekuntzak txertatuz eta bertako edukia aplikatuko dela bermatuz.
- Barne antolaketa hobetzeko hainbat batzorde eratzea adostu da.
Borrokaren bidez lortutako neurriak izan dira. Dozenaka aldiz bildu dira Txinzerreko langileak Irungo eta Hondarribiko kaleetan, haien aldarrikapenak eginez eta nola ez, soinua eginez. Askotan eskatu izan diete Irungo eta Hondarribiko alkateei eta udaletxeei eskua sartzeko, haien alde egiteko. Azkenean,
Azkeneko bi asteetan bazirudien negoziazioak amaiera izango duela, baina langileek adierazi dute zuzendaritzak beste behin ez duela zintzotasunez jokatu. Behin eta berriz errepikatu izan dituzte langileek zuzendaritzarekiko kritikak, adieraziz ez duela negoziaziorako prestasunik agertu, horrela luzatuz greba mugagabea.

