Bi bazkari, Palestinaren alde
Larunbatean Etxarak bazkaria egingo du. Tiketak Ttoparan, Ipotxen eta Ondaren daude. Hurrengo astean Klinkekin batera egingo dute.
Urteroko hitzordua da Etxara Palestinaren aldeko elkarteak egiten duen bazkaria. Uztaila hasieran egin izan ohi dute, xede argi batekin: Palestinako genozidioa ahanzturan ez gelditzea, eta era berean, bazkariko etekinak Gazara bidaltzea. Aurten, baina, bi larunbat ezarri dituzte. Lehena, betiko moduan haien ekimenez, eta bigarrena Klink elkartearekin batera egingo dute. Klink elkarteak urtero antolatzen du bazkari solidarioa, eta aurten, Etxararekin batera arituko dira, Klink elkartean bertan.
2023. urtean sortu zuten Etxara elkartea, eta harrezkeroztik hainbat egitasmo burutu dituzte Gazara dirua bidaltzeko. Azken bi urteetan bazkariak egin dituzte, marmitako jana, eta besteak beste rifak eta kamixetak saldu dituzte ere. “Egiten dugun ez da asko, baina bere txikian bada zerbait”, adierazi izan ohi dute bertako kideek. Haiek dioten moduan, kezka handia zuen kuadrilla bat elkartuz sortu zuten Etxara, eta azken urteetan herriaren babesa jaso duen eragilea izan da.
Larunbateko sarrerak 20 eurotan salduko dituzte, eta hiru lekutan erosi daitezke: Ttopara, Ipotx eta Ondare. Zabaldutako kartelean adierazi dute 0 lerroko sarrerak ere salgai daudela, bertaratu ezin dutenentzat, baina haien aletxoa eman nahi dutenentzat, 10 eurotan.

