Kantabrian egongo da Eskifaia, lehian
San Vicente de la Barquerako abesbatzen lehian parte hartuko du Eskifaiak, beste lau koruren aurka. Larunbatean igoko dira oholtzara.
San Vicente de la Barqueran izango da Eskifaia. Certamen de la Cancion Marinera jaialdian egongo dira, Espainiako hainbat abesbatzekin batera. 57. aldiz egingo da jaialdia, eta 1963. urtetik, hau da, sortu zen urtetik, helburu berdina mantendu dute: itsasoarekin harremana duten gizonak eta emakumeak omentzea, kantuaren bitartez. 2019an ere bertan izan zen Gorka Aierbek zuzendutako abesbatza.
Izena eman duten abesbatza guztien artean, bost aukeratu dituzte. Coro Sinfonia (Torrevieja, Alacant), Coro Nox (Madril), Coro Camara Ad Libitum (Valentzia), Coro Joven Lithos (Asturias) eta Eskifaia izango dira larunbatean oholtzan.
Urtero, abesbatza guztiek, haien kantez gain, abesti behartu bat kantatzen dute. Aurten, Javi Busto hondarribiarraren Barquereño pieza izango da interpretatu beharrekoa. Iaz, oholtza berdinean jaso zuen Bustok Musika Koralaren Sari Nazionala, bere ibilbide esanguratsuarengatik. Horrez gain, Eskifaiak Kitolis (Luis Aramburu), Zeruan eder ilargia (Aita Donostia) eta Wana Banaka (Shawn Kircher) kantuak prestatu ditu.
Lehiaketa bat da, eta beraz, epaileak ere bertan izango dira. Esteban Sanz, Alicia Armendariz, David Azurza, Marta Pilar eta Valentin Benavides izango dira epaimahaia osatuko duten profesionalak.

