Eskola materialak erosteko dirulaguntzak, gaurtik aurrera
Gaurtik irailaren 30era bitarte, eskola materiala tokiko merkataritzan erosteko 'Erosi eta ikasi' programa abian jarri dute.
13 urtez jarraian, gaurtik irailaren 30era Irungo familiek eskola materiala erosteko dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte. Erosi eta Ikasi dirulaguntzek 200.000 euroko zuzkidura edukiko dute, eta aurreko urteetako baldintzak mantenduko dituzte. Dirulaguntza hauek Irunen erroldatutako haurrak dituzten familiei zuzenduta daude, eta tokiko merkataritza laguntzeko baliagarriak izango dira. Orain arte izandako arrakastari eutsi nahi dio udalak.
“Familiek ahalegin handia egiten dute ikasturte berri bat hasten den bakoitzean, eta horregatik egiten dugu berriz ere laguntza horien deialdia, haiei laguntzeko eta irundarren poltsikoa arintzeko”, adierazi du Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak. Laguntzak gehienez 160, 125 edo 100 eurokoak izan daitezke, bizikidetza-unitateko kide guztien errentaren arabera.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean, mahaigaineko materialak eta material suntsikorrak, material ez suntsikorrak, jantziak eta eskulanak egiteko elementuak erosi daitezke. Oro har, ikastetxeak eskatutako edozein material, alegia, eskolan ikasteko erabil daitekeen material oro.
Nuria Alzagak dirulaguntza hauek eskolako materiala erosteaz gain, tokiko merkataritza bultzatzeko tresna ere badirela azpimarratu du: “Dirulaguntza hauek ikuspegi bikoitza dute”.
Interesa duenak udalaren webgunearen bitartez, egin beharko ditu eskaerak Irun txartela edota baimendutakonedozein sinadura erabilita. Sinadura elektronikorik eskuratu ezean, HAZ bulegoan edota 010 edo 943 50 51 52 telefonoetara deitu dezakete.

