Pizgarri berriekin dator Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa
Sarien zenbatekoa nabarmen handitu du Hondarribiko Udalak. Lanak emateko epea irailaren 15era arte da zabalik.
Garoa Lekuona Euskara zinegotzia, iazko lehiaketako sari banaketan.Hondarribiko Udala Abian da 41. Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa. Hondarribiko Udalak jada horren oinarriak ezagutarazi ditu. Aurreko urteekin alderatuta, bada hobekuntza azpimarragarri bat: sarien zenbatekoa nabarmen handitu du udalak. Garoa Lekuona Euskara zinegotziaren arabera, Bordari-Satarka ez da soilik literatura lehiaketa bat: euskarazko sorkuntza sustatzeko tresna garrantzitsua da, “eta herritik bertatik literatura sortzeko eta partekatzeko espazio bat eskaini du. Oinarriak berritu eta sariak handitzea lehiaketaren balioa indartzeko eta idazle gehiago parte hartzera animatzeko urratsa da”. Irailaren 15era arteko epea dute sortzaileek Bordarira (ipuinak) eta Satarkara (olerkiak) aurkezteko epea: sormen lanak BAZ bulegoan edo Hondarribiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke.
Bai Bordarin zein Satarkan lehen saria lortuko dutenek 1.500 euroko diru saria jasoko dute; orain artekoa 800ekoa zen. Bigarren sariaren zenbatekoa 400dik 1.000ra igo da; eta Hondarribia Sariaren jabe izango direnek 500 euro jasoko dituzte, aurreko 400ak beharrean. “Berritasun esanguratsua da hori”, azaldu du Lekuonak. Izan ere, idazle gehiago erakarri nahi dituzte lau hamarkada pasata dituen lehiaketara. Lekuona: “Euskarak bizirik iraungo badu, erabilera eremu guztiak elikatu behar ditugu, eta literatura horietako bat da. Bordari-Satarkak aukera ematen du talentu berriak ezagutzeko, idazleak saritzeko eta euskarazko sormenari ikusgarritasuna emateko”. Berariaz osatutako epaimahai bat arduratuko da bai ipuinak zein olerkiak aztertu, eta sariak esleitzeaz.
Udal gobernuaren esanetan, haren udal politiken testuinguruan ulertu behar da literatur sariketa indartu izana, “euskararen eta kultur sorkuntzaren aldeko udal politikaren adierazle da”. Hori horrela, euskaraz idazten dutenei gonbita egin diete jada klasiko den lehiaketan parte hartzera. “41 urteko ibilbideak erakusten du Bordari-Satarka lehiaketa erreferente bat dela euskarazko sorkuntzan. Gure erronka da ondare hori zaintzea, eguneratzea eta etorkizunera begira indartzen jarraitzea”, nabarmendu du Lekuonak.

