Erreakzioak: aurrerapausoak emateko erabakiak hartzearen alde egin dute
Erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek Irungo Alardeak bizi duen egoeraz adierazpenak egin dituzte.
San Martzial kalean Arrankada egin ondoren Alarde Parekideak San Juan plaza bete du. Udaletxeko balkoian harrera egin diete Alarde Parekideko konpainia guztiei hainbat erakundetako eta alderdi politikoetako ordezkariek. Goizaren lehenengo balorazioa ematen izan dira EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Emakundeko zuzendaria, baita Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia ere. HITZA haiekin egon da, haien adierazpenak jaso ditu.
Denek argi izan dute aurrerapausoak eman diren arren, udalarena dela azken hitza. Thania Pazos Elkarrekin Podemoseko ordezkariak argi adierazi du: “Eman diren aurrepausoak Irungo herritarrei esker da, haiek antolatu dira eta jaietan eta kaleetan ere berdintasuna bermatzeko. Udalak erabakiak hartu gabe jarraitzen du”. Bide beretik, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogorarazi du bide asko dagoela egiteko oraindik ere. “Emakume horiek eta horien lanari esker, eta alboan izandako beste askori esker lortu dituzte gaurdainoko aurrerapausoak ematea, urratsak handiagoak izateko administrazioei eta gobernuei dei egiten diegu”. “Politika ausartak” hartu behar direla nabarmendu du, eta EH Bilduren eskua luzatuta dagoela horretarako.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, bere aldetik, esan du emakumeek eskubide osoa dute aktiboki jai egunetan ere parte hartzeko: “Ibilbide luze honetan gogoan izan behar dugu garai hartan bidea ireki zituzten emakumeak”. Aurten 30 urte bete dira emakumeak lehenengoz Irungo Alardean soldadu bezala atera zirenetik, eta data garrantzitsua izanagatik ere, oraindik ere “jarrera atzerakoiak dituztenak” badirela adierazi du Elgarrestak. Horren harira, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak horiek seinalatu ditu: “Giro nahasia dago. Urteetan ikusi ez ditugun hainbat keinu ikusi ditugu, aho txikiarekin esandako hitzen bat edo beti entzun izan dugu. Aurten, hainbat atzerakoi antolatzen ari dira berriz ere Kale Nagusian berdintasunaren kontra zerbait antolatzeko”.
Alarde Parekidearen kontra arratsalderako iragarri dituzten deialdien harira, Oihana Briones Irungo EH Bilduren bozeramaileak argi du: “Kale Nagusiarekin kezka beti dugu, eta aurten gehiago. “Horregatik eskatu nahiko nuke denak jai giroan jarraitu ahal izatea; eta bestetik, neurriak hartu behar badira, horiek hartzea Kale Nagusia gune segurua izan dadin. Alardea jai giroan egiten dugu, eta eguna ere hala amaitzea nahiko genuke, berdintasunean eta bakean. Entseguetan tentsio biziko uneak bizi ditugu aurten. Aspaldi bizitu gabeko egoerak bizi izan ditugu”, azaldu du.
“Konponbide partekatu eta justuak behar ditugu”
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Berria egunkariari egindako adierazpenetan, esan du “bidea egiteko prest” daudela halako egun bat guztiek elkarrekin ospatzeko. Ez du zehaztu zer den bidea egitea. “Konponbide partekatu eta justuak behar ditugu”, gehitu du, baina ez du konponbide horiei buruzko xehetasunik eman. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarpena horixe da, errespetutik, baina elkarbizitza hori aldarrikatzea, merezi dugula hau guztia elkarrekin ospatzea”, esan du zuzentzen duen erakundearen egitekoaz.
Alarde Parekidearen aldekoek Alardea antola dezala eskatzen diote Irungo Udalari. Udalak uko egin dio. Mendozak ez du iritzirik eman nahi izan eskaera horri buruz. “Nik Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean hitz egiten dut eta uste dut argi hitz egin dudala zentzu horretan”, erantzun dio Berria-ko kazetariari. “Ez dut ezagutzen hemengo bilakaera zein den”. Azaldu du Hondarribiko Alardearen kasuan Gipuzkoako Foru Aldundiari “akonpainamendua” eskatu diotela, baina Irunen ezetz.
Mendozak nabarmendu du herrietako festak direla “herrien identitatearen momentu gorena”. “Pena handia” ematen dio Irungo jaietako egun nagusian “oraindik ere elkarbizitzaren halako hausturak” ikusteak.
San Martzialera igo ezinik
12:00tan, botoa berritzeko ekitaldi erlijioso eta instituzionala egiten dute San Martzialen. Udalak antolatzen duen ekitaldia da, baina Brionesek adierazi du ordezkari batzuek ez dutela bertan egoteko aukerarik. “Ekitaldi instituzional garrantzitsuena da, eta ukatu egiten zaigu bertan egotea berdintasuna bermatzen duen alardean parte hartzen gaudelako”.
“Ordu horretan, Alarde Parekidea desfilatzen ari da, eta ordutegia berdintasunezko jaiak antolatzeko beste oztopo bat da jaiak bere horretan ospatzeko”, gaineratu du Elkarrekin Podemoseko Pazosek. “Gezurra dirudien arren, 30 urte pasa dira, eta zoritxarrez berdin jarraitzen dugu. Aurrerapauso gutxi izan dira urteotan”. Ekitaldi horrek alarde baztertzailearekin bat egiten duela zehaztu du Brionesek.
Hala ere, Etxebestek argi dio Alarde Parekidea gero eta handiagoa dela, eta horrek indarrak hartzeko eta aurrera egiteko gogoak pizten dituela. “Urtero bezala, aurten ere, tradizioa, berdintasuna eta festa bateragarriak direla aldarrikatzen dugu”. Era berean, Iriartek ere adierazi du emakumeek festan eta festen harira antolatzen diren ekitaldietan era aktiboan eta berdintasunean parte hartzeko eskubidea dutela: “Berdintasuna oinarrizko eskubidea dela argi eduki behar dugu”.
“Berdintasunaren alde gaudenak argi daukagu, eta espero dugu, atzerapausorik ez direla emango eta hemendik aurrera aurrera egiten jarraituko dugula. Giroa nahastea helburu dutenak ez dute lekurik”, Etxebestek.

