Alde Zaharra, sormenaren agertoki lau egunez
Hondarribia Kultura programa antolatu dute uztailaren 9tik 12ra Kultura Uztartu lelopean. herritarrak, sormena eta arte espazioak ehuntzen dituen kultur sarea da programa.
IIInglers taldea arikod a programazioaren barruan Herritarrak eta bisitariak artearekin, musikarekin, dantzarekin, zinemarekin eta pentsamendu kritikoarekin harremanetan jarriko ditu Hondarribia Kultura programak uztailaren 9tik 12ra bitartean. Kultura Uztartu lelopean, herritarrak, sormena eta arte espazioak ehunduko ditu kultura sare horrek. Programa ondare historikoa eta kulturala ezagutzeko gonbidapena izango da, horrela azaldu du Hondarribiko Udalak, “baita herriak egun duen sormen indarra ezagutzeko aukera ere”.
Kulturaren antolaketa eta eredua eztabaidagai den garaietan gertutasuna, kalitatea eta bertako sormenaren sustapena uztartzen dituen kultur politikaren aldeko hautua egin duela azaldu du udalak, “orain arte kultur eskaintzaren zati handi batek kanpora begirako logikak izan ditu oinarri eta Hondarribia Kulturak beste norabide bat hartu du: herritarrak erdigunean kokatu, herriko talentua aitortu eta indartu, eta kulturaren bidez komunitatea ehuntzeko tresnak sortzea”.
Ez dutela kultura “aisialdirako eskaintza huts” gisa ulertzen adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, “herria egiteko tresna da. Harremanak sortu, pentsamendua pizteko, eta komunitatea indartzeko espazioa da”. Hori horrela, kultur politikak herritarren beharretatik eta herriaren errealitatetik eraiki nahi dituztela gaineratu du.
Lau egunetan zehar diziplina, formatu eta jatorri askotako proposamenak gozatzeko aukera izango da. Horren adibide egitaraura lehen aldiz batuko den Maddalen Arte Gunearen parte hartzea jarri du udalak. Espazio horretan, Itziar Basterretxearen Erraietatik saretzen egonaldia eta IIIngles taldearen kontzertua uztartuko ditu programazioak, sormen prozesua eta zuzeneko esperientzia espazio berean elkartuta.
Alakran konpainiak gainera, Makers Itinerantes proiektua aurkeztuko du. Ez da hori emanaldi puntuala izango, asteetako lan prozesu baten hasiera baizik; herriarekin lotura zuzena izango duen sorkuntza prozesuaren barruan garatuko dute.
Memoria eta errealitate sozialak ere izango dute lekua programazioaren barruan. Hori horrela, Faisaien Irla filma emango dute, “Bidasoa ibaian gertatzen den migrazio dramaren gainean hausnarketa kolektiborako espazioa sortzeko”, azaldu du Alonsok.
Musikak izango du ere bere espazioa lau egun horietan barrena. Euskal herriko IOI Haatik, Amaia Miranda, Amorante, Gailu eta Lukiek; kanpotik helduko dira, berriz, Gota talde kataluniarra, eta Txema Muñoz magia ikuskizunarekin. Estatuko hainbat lurraldeetatik helduko dira, gainera, Guadalupe Plata taldearen blues psikodeliko eta basatia, Lorena Alvarezen folklore garaikidea, eta Pedro Pastorren azken lana.
Herriko kultur ekosistema indartu
Hondarribiko kultur ekosistema indartzeko urrats bat gehiago egin duela udalak jarri du nabarmen Kultura zinegotziak, “bertako sormen sarea hobeto ezagutzeko bidean”. Hondarribia Kultura programak helburu hori du, baina ez da iniziatiba bakarra, izan ere, azken hilabeteetan garatutako herriko sortzaile, artista eta arte espazioen mapaketak argia ikusi du, “proiektu estrategikoetako bat da hori”, Alonsok. Mapaketa lanaren emaitza gisa, sortzaileen direktorioa eta arte espazioen gida osatu du udalak. Datuak eman ditu Kultura arduradunak: “52 sortzaile eta 17 arte espazio izango dira Maddalen Arte Gunea eta Polborina barne. Tresna horien bidez, herriko kultur eragileen arteko harremanak sustatu, herritarren ezagutza handitu, eta etorkizuneko kultur proiektuentzako oinarri sendoagoak eraiki nahi dira”.
Ondorio argia, Alonsok, Hondarribian sormen komunitate aberats eta askotarikoa dutela. Garbi esan du, gainera, kultur jarduerak programatzetik harago doala administrazioen egitekoa, “herrian dagoen talentua identifikatu, ezagutarazi, eta elkar konektatzeko baldintzak sortzea ere bada. Mapaketa honek bide horretan egin du ekarpena”.
Kultura, komunitatea eraikitzeko tresna jo du zinegotziak, “ikuspegi hori partekatzen dute Kultura Uztartu programak eta mapaketa lanak. Horixe da Hondarribiko Udalaren apustua, kultura ez ulertzea ekitaldien programazio huts gisa, baizik eta harremanak sendotu, komunitatea indartu eta herriaren etorkizuna eraikitzen laguntzeko tresna moduan”. Bukatzeko, herritar guztiak animatu ditu lau eguneko egitarauaz gozatzera, baita Hondarribia Kulturaren webgunean eskura den sortzaile eta arte guneen mapa ezagutu eta kontsultatzera.
Egitaraua
Uztailak 9
- Amaia Miranda – 20:00 – Baluartea
- Guadalupe Plata – 21:30 – Kasino Zaharra
- Faisaien Irla – Kale zinema – 22:30 – Gipuzkoa plaza
Uztailak 10
- Musik&Arts Animaliak – 18:00 – Gipuzkoa plaza
- Amorante – 20:00 – Baluartea
- Gailu – 22:00 – Kasino Zaharra
Uztailak 11
- Arte Espazioak Ezegutuz – 11:00 – Madalenetik Arma Plazara
- IOI Haatik dantza konpainia – 13:00 – Arma Plaza
- Makers Itinerantes Oscar Gómez Mata-L’Alakran konpainia – 17:00 – Arma Plaza
- IIIngles – 19:00 – Kasino Zaharra
- Lorena Alvarez – 21:00 – Gipuzkoa plaza
- Lukiek – 23:00 – Kasino Zaharra
Uztailak 12
- EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra – 12:00 – Itsas Etxea Auditoriuma
- GOTA – Clown eta magia – 18:00 – Arma Plaza
- Pedro Pastor – 20:00 – Kasino Zaharra

