Aldaketak Arma Plaza Fundazioko patronatuan
Iosu Alvarezek PSE-EEren ordezkaritza utziko du fundazio barnean, eta Noemi Odriozolak hartuko du kargua.
Iosu Alvarezek uko egin dio Hondarribiko Kultura Ondarea Kontserbatzeko eta Zabaltzeko Arma Plaza Fundazioko patrono karguari. 2025eko urtarrilean jaso zuen izendapena, bere alderdi kide Noemi Odriozolak utzi zuenean. Orain, Alvarezen irteerarekin, berriro ere Odriozolak hartuko du kargua bere gain. Udaletxeko udal talde bakoitzeko politikari bat dago Arma Plaza fundazioko patronatuan.
Igor Enparan alkatea da Arma Plaza fundazioko lehendakaria, eta Aitzol Arroyo zinegotzia lehendakari ordea. Fundazioaren helburuak hurrengoak dira:
- Hondarribiko monumentuak kontserbatu eta zaharberritzea, eta haien inguruak hobetu eta egokitzea; hartarako monumentuak balioztatu egingo dira, eta ondoren, duten izaeraren araberako erabilera emango zaie.
- Partikularren edo gainerako erakunde publiko nahiz pribatuen parte-hartzea sustatzea, Fundazioak dituen xedeak lortzeko jarduerei dagokienez.
- Hondarribiko natur, kultur eta paisaia ondarea kontserbatu eta hedatzea.
- Herritarren artean fundazioaren helburuak hedatzea, fundazioaren xedeak hobeto ezagut ditzaten.

