Hainbat proiektu proposamen egin ditu PSE-EEk
Hirigintzan, zerbitzu publikoetan, kulturan edota etxebizitzan eragina izango lituzketen hainbat proiektu egiteko eskatu dute sozialistek.
PSE-EEk hainbat proposamen aurkeztu dizkio udal gobernuari, proiektu ezberdinak bultzatzeko asmoarekin. Sozialistek kritikatu dute Ogasun Batzordean eztabaidatu ez diren hainbat partida onartu direla, hau da, dekretu bidez. Horregatik, “udal baliabideen kudeaketan gardentasun handiagoa” eskatzen dute.
Dekretu bidez onartutakoen adibide moduan, langile gastuak eta hilerriko inbertsioak aipatu dituzte. Iazko aurrekontuetako likidatzeko ziren 11,6 milioietatik, 3,9 milioi euro txertatu dira 2026ko ekitaldira, eta sozialistek uste dute hori gutxi dela. Horregatik, uste dute “herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eta udalerriaren erronka nagusiei erantzuteko balioko duten proiektu eraldatzaileetan aurrera egiteko unea iritsi” dela.
PSEren ustez erronka nagusia etxebizitza da, eta, beraz, etxebizitza arloko sozietate publiko bat martxan jartzeko eskaria egin dute, horretara 750.000 euro bideratuta. Horrez gain, alokairuko laguntzak indartzea funtsezkoz iruditzen zae.
Hiri eremuari begira, hainbat espazio estrategiko hobetzearen aldera, Alde Zaharra birgaitzea, Zumardia berroneratzea, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzak indartzea (hala nola Mugondo). Mugikortasunari eta azpiegiturei dagokienez, 320.000 euroko inbertsioa proposatzen dute. Zertarako? Jaizubiako argiteria hobetzeko, telekomunikazioen estaldura indartzeko, genero-ikuspegia duten markesina berriak jartzeko eta estalitako aparkalekuak gaitzeko, besteak beste.
Aparkalekuak, kultura, kirola…
Aparkalekuaren afera ere lehen lerroan jarri dute sozialistek, eta beharrezkoa ikusten dute arazoari irtenbidea ematea, hainbat proiektu bultzatuz, Javier Ugarteko lurpeko aparkalekua, adibidez. Beste hainbat proposamen bota dituzte PSE-EEko kideek: herritarren segurtasun zerbitzuetarako eraikin bat egokitzea, polizia etxe berri baten proiektuan aurrera egitea, udal ludoteka bat sortzea, kiroldegirako plan gidari bat idaztea…
“Udalak baditu nahikoa baliabide proiektu eraldatzaileak bultzatzeko. Hondarribiak plangintza, gardentasuna eta borondate politikoa behar ditu ekimen horiek gauzatzeko eta herritarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko”, adierazi dute udal talde sozialistatik.

