Bidasoa Folk jaialdiaren 25. edizioa egingo dute abuztuaren 21etik 23ra
Aurten ere, Hondarribian, Irunen eta Hendaian tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen dituen egitaraua izango da askotariko kultur jarduerekin.
Bidasoa eskualdeko erreferentea den Bidasoa Folk jaialdiak 25 urte beteko ditu aurten. Abuztuaren 21etik 23ra, Hondarribia, Irun eta Hendaia musikaren topagunea izango dira kultura-aniztasuna herritarrengana hurbiltzeko asmoz. Kontzertuak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte hiru egunotan, tradizioa eta gaurkotasuna uztartzeko. “Hogeita bost urtez kalitatezko kultura ireki eta parte-hartzailearen aldeko apustua egin dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
“Jaialdia mugaz gaindiko lankidetzaren ikur bihurtu da eta udako ezinbesteko hitzordua da bai eskualdeko herritarrentzat bai bisitarientzat”, adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendariak. Era berean, Estitxu Urtizberea kideak aurtengo egitarauaren balioa azpimarratu du: “Aurtengo egitarauak sustrai-musikaren gaur egungo aberastasuna erakusten du”.
“Sustrai-musika garaikidearen indarra erakusten duen egitaraua osatu dugu, tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen dituzten artistekin. Bidasoa Folk aurkikuntzarako, emoziorako eta kulturen arteko topaketarako gune izaten jarraitzea nahi dugu”, azaldu dute.
Abuztuaren 21ean, ostiralarekin, Hendaian hasiera emango diote aurtengo jaialdiari. Angeluko Kospei Star taldeak kalejira egingo dute herriko kaleetatik barrena, Balkanetako erritmoetan oinarritutako musika eskainiko dute.
Jaialdiaren bigarren egunean, abuztuak 22, Hondarribian antolatuko dituzte zenbait kontzertu. Julie Rouaultek eta Maria Terremotok herri kantak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatuko dituzte, tradizioarekiko lotura mantenduta eta belaunaldi berriengana iristeko gai diren proposamen pertsonalak eskainita.
Jaialdiaren azken eguneko topagunea Irun izango da. Kantauri itsasoko herrialde askotan sustraitutako akordeoia, eta batez ere trikitia, izango ditu ardatz. Honela, herri musikaren transmisioan izandako garrantzaia aitortu nahi dute. Eguneko protagonsitak Caamaño & Ameixeiras bikote galiziarra eta Xabi Aburruzaga izango dira. Azken honek, 25 urteko ibilbidea biltzen duen Bask bere lan berria aurkeztuko du.
25 urteko ibilbidea, argazkitan
Kontzertuak hiru egunetako protagonistak izan arren, eskualde osoan presentzia indartzeko 25 edizioetako kartelen erakusketa antolatuko dute. Bidasoaren Interpretazio Zentroan ikusgai egongo da erakusketa, doan. Bertan, jaialdiaren bilakaera estetiko eta kulturala ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
“Bere XXV. edizioarekin, Bidasoa Folkek kulturen eta lurraldeen arteko topagune izateko bokazioa berresten du,”. Erakusketa 25 urteak aberasteko omenaldi gisa antolatu dute.

