Jana eta edana ez dira falta herri bazkarian
Urtero legez, Irungo gazteek kuadrillen eguna ospatu dute Ficoban egin duten herri bazkarian, eta egun osoko egitaraua eduki dute.
Betti Gotti elkarteak eta Antxeta Irratiak antolatuta, gaur Irungo herri bazkaria egin dute Ficoban. Aurten ere, arrakastatsua izan da eta milaka lagun batu dira 2. pabiloian antolatutako bazkarian. Kuadrillek giro ederrean bazkaldu dute, eta haien arteko pikeak ere ez dira falta izan. 14:30ean hasi dute bazkaria, eta arratsalde luzerako pilak kargatu dituzte. Goizeko protagonista beroa izan da, eta jana eta edana ez dira falta.
Urdanibia plazatik kalejiran egin dute Ficobarako bidea. Mahaiak prest zeuden milaka lagunen zain. Gaurko menua errusiar entsalada, patea, kroketak eta paella izan da. Plater eta edalontziez gain, urezko pistolak ere zeuden mahai gainean beste kuadrilletako lagunak bustitzeko.
Bazkaria amaituta, Peña Poteo Txarangak Ficoba girotuko du. 20:30etarako aurreikusita dago Urdanibia plazarako itzulera, eta bertan Balbor DJa izango da kalejiran musika jartzen.
HITZA bazkarian izan da, eta hona hemen bildutako argazkiak:

