Trantsizioan, baina hortzak zorroztuz
Hondarribia Arraun Elkarteko hiru traineruak prest daude. Gizonen nagusiak maila hobetu nahi du, emakumeenak gora iritsi, eta gizonen bigarren eskifaiak harrobia landu. Traineru bakoitzeko protagonista batekin hitz egin du HITZAk.
50. urteurrenarengatik eta arrauna sustatzeko egindako lanarengatik jasoko du omenaldia arraun elkarteak. Gogo handiarekin hartuko dute lehen estropada Hondarribiko hiru eskifaiek. Aurre denboraldia bukatuta, uda luzea dute aurretik, eta helburu ezberdinak dituzten arren, lehiatzeko gogo berdina dute. Herria ere gogotsu dago, baina jakitun, azkeneko urteetan izandako garaipen bailara berriro ere errepikatzea oraindik ez d ela egungo gauza. Trantsizio prozesuan daude gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeak, eta bigarren taldeak Ama Guadalupekoa gaztez elikatzen jarraitzeko helburuarekin egingo du arraun.

Aurreko urtean lortu zuten maila hobetzea du xede gizonezkoen lehen taldeak. Urte oso onak bizi izan ditu traineruak azken hamarkadetan, eta orain, beste prozesu batean dago eskifaia. “Joan den urtean ziklo berri bati eman genion hasiera. Hainbat baja izan genituen, eta aurten ere, beterano batzuek trainerua utzi dute, eta, beraz, birmoldaketa bat egin dugu. Berriro errepikatzen dugu, ziklo aldaketa batean gaude orain”, azaldu du Mikel Orbañanos gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak. Iaz, banderarik ez zuen lortu Ama Guadalupekoak, baina ohorezko txandan hainbatetan izan ziren, elkarteko gazteen balioa erakutsiz.
Aurten, Galder Ezpondak, Joseba Azurmendik eta Iñigo Jokin Sagarzazuk utzi dute Ama Guadalupekoa trainerua. Taldeko beteranoetakoak ziren hiruak, eta beraz, taldea iaz baino gazteagoa izango da aurten. Bi arraunlari berri sartu dira taldera kanpotik, Jon Morillo San Pedrotik iritsia eta Sergio Calavia Zumaian ibili dena azken urteetan. Haiez gain, Xabi Irigaray taldera itzuli da, pare bat urtez arrauna alde batera utzi ondoren. “Orain arte errendimendu ona eman digute fitxaketa berriek, eta argi daukat oso ongi etorriko zaizkigula hurrengo hilabeteetan. Jarrera aldetik ongi ikusten ditut, eta entrenamenduetan ere ilusio handiarekin dabiltza”, esan du Orbañanosek.
Aurre denboraldian irudi “txukuna” eman du gizonezkoen lehen traineruak. “Neguko jaitsieretan ongi ibili gara, baina uste dut liga hasterakoan beste puntu bat gehiago eman dezakegula, eta hori izango da gure helburua”. 28an izango da lehen estropada, Madrilen, Buitrago de Lozoya herriko urtegian. “Gogo handia dugu jada estropadekin hasteko. Madrilen erabiliko dugun eremua lehenagotik ezagutzen dugu, aulki mugikorrarekin bertan izandakoak gara eta. Dena ondo lotuta izan behar dugu lehenengo egunerako, eta espero dugu sorpresarik ez izatea, eta maila ona ematea bertan”, gehitu du entrenatzaileak.
Orbañanosek argi dauka hasieratik haien maila onena erakutsi nahi dutela. “Hasieratik emango dugu ahalik eta gehiena, eta ikusiko dugu aurkariek ere nola erantzuten duten. Nire ustez maila txukunarekin hasiko gara, eta denboraldiari begira, taularen erditik gora egoteko helburua dugu”. 21 estropada izango dira aurten, eta iraila arte urteroko estropada eremuak bisitatuko dituzte. Hondarribiko 39. bandera abuztuaren 8an izango da aurten. “Urte oso onak izan ditugu, eta horregatik eskertuak gaude. Orain urte batzuk itxoin beharko ditugu, baina uste dugu maila onenera iristeko ahalmena badugula”. Ilusioz hitz egiten du entrenatzaileak, abian dagoen proiektuan erabat sinisten.
Fitxaketa berriei bigarren taldetik igotako gazteak gehitu behar zaie, aurtengo hemeretzi laguneko eskifaia osatzeko. Osertz Larretxea, Julen Balerdi, Julen Martinez eta Iker Huarte igo dira Bataz bestean, 25 urteko trainerua da, aurrean izango dituzten lehiakide askorekin alderatuta, gazteagoa. “Bigarren taldea hor dugu, eta hori aprobetxatzea garrantzitsua da. Bigarren trainerua lehian dagoen bitartean, badugu beti aukera aurrera begira arraunlariak etxean izateko. Gainera, etxeko arraunlariz beteriko traineru batek nire ustez gehiago mugitzen du herria, jendea identifikatuagoa sentitzen delako, eta horrela, iristen zaigun babesa handiagoa da. Garrantzia eman behar diogu harrobiari”, azaldu du entrenatzaileak.
Emakumeak, goraka begira

Emakumezkoen traineruak iaz maila jaitsiera jasan zuen, Euskolabel ligan azkeneko postua eduki ondoren. Aurten ETE Ligan izango dira, baina Miren Garmendia patroiak argi du taldea psikologikoki gogorra dela, eta “porrotetatik ikasteko” abilezia badutela. Aurten, helburua argi dago: berriro ere lehen mailara itzultzea. “Igoera nahi dugu, eta noski, bideaz disfrutatu era berean. Bide zailetan ere disfrutatu daiteke, eta guk argi dugu gure onena emango dugula”, esan du patroiak. Gainera, aurten, entrenatzaile aldaketa izan dute. Hainbat urtez Iker C0rtesek bideratu ditu emakumeak, eta, aurten, Osertz Aldayek hartu du trainerua entrenatzeko ardura.
Hiru neska berri batu dira aurten trainerura, kanpotik etorriak: Dalia Maria Pascal, Laura Sainz eta Irene Riaño. “Hiru fitxaketak nahiko berandu iritsi dira taldera, eta denok dakigu arraunkera hartzea ez dela prozesu azkarra. Baina ea lortzen duten, eta gurekin batera disfrutatzeko aukera duten”. Patroiak adierazi du beti nahiko justu ibiltzen direla arraunlari aldetik, eta hiru inkorporazio berriak ederki etorriko direla aurtengo denboraldiari aurre egiteko.
Emakumezkoen arraunak maila etengabe hobetzen duela uste du Garmendiak, eta berdina dio ETE Ligari buruz. “Urtero ikusten da ETE Ligan maila goraka doala. Nik uste aurkari zuzenak izango ditugula aurrean, eta kontuan hartu behar dugu beti dagoela sorpresa faktorea hortik”. Patroiak nabarmendu du estropada eremuak ongi ezagutzea abantaila handi bat dela, bakoitzak bere gakoak ditu eta.
Entrenatzaile berriarekin taldea motibatuta eta ilusionatuta dago. “Aldaketak iristen direnean, beti ematen duzu ahal duzun guztia, eta Osertzekin motibazio handia sentitzen dugu”. Esperientzia askoko arraunlaria da Alday, eta aurten, hainbat urteren ondoren etxera itzuli da. “Esperientzia handia du Osertzek, eta intentsitate asko eskatzen digu. Emaitza onak nabaritu ditugu eta nabarituko ditugu”.
Bigarren taldea, harrobia landuz
Gonzalo Txalo Carrion arituko da beste urte batez bigarren traineruaren gidari moduan, bai entrenatzaile eta baita ere arraunlari lanetan. Harrobia lantzea eta gizonezkoen lehen eskifaia elikatzea dute helburu, baina maila mantentzea da lortu beharrekoz. “Gazteak lantzen jarraitu behar dugu, baina era berean playoffa ekiditea ere gure asmoetako bat da. KAE1 ligan bi multzo osatuko dira nire ustez, goikoak eta behekoak. Zarautz, Deusto, Zumaia eta Kaiku arituko dira goian, nire ustez”, azaldu du Carrionek.
Gazte mailatik bi arraunlari berri iritsi dira B taldera: Aimar Amunarriz eta Ander Martin. “Aldaketa handia izaten da. Kirol ezberdina da funtsean, eta entrenamendu gehiago egiten dira. Zaila izaten da egokitzea, baina ongi dabiltza”. Azpitik ere belaunaldi onak datozela dio Carrionek. “Gazte mailan badago hamar arraunlari inguruko talde bat, elkartean jarraitzen badute nire ustez maila ona eman dezaketela traineruan. Kadeteetan ere maila ona ikusi dugu. Badakigu zaila izaten dela denek aurrera jarraitzea, bizitzak dituen afera ezberdinak direla eta, baina multzo batek hemen jarraitzen badu, bide onetik goaz”.
Arraunlari on bat egiteko denbora behar dela uste du Carrionek, baina begi onez ikusten ditu aurten bigarren traineruan dituenak. “Arraun elkarteak badu etorkizuna, eta hori egunerokoan ikusten dugu. Nire ustez, bigarren traineruan egokitzapen prozesu bat egin behar dute. hiru edo lau urtekoa, ondoren gora jauzia emateko. Beraz, baditugu arraunlariak urte luzerakoz”.

