Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren harira, EAJk eta EH Bilduk adierazpen bateratua egin dute
Aurten, bi efemeride historikoen urteurrena izango da Euskal Herrian, eta hori dela eta, bi alderdiek adierazpen bateratua egin dute.
2026. urtea garrantzi handiko urtea izango da historikoki eta politikoki. Aurten, 90 urte beteteko dira lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zutenetik. Hain zuzen, urriaren 8an izango da, eta EAEn jaieguna izango dela iragarri zuten duela aste batzuk. Efemeride horretaz gain, garrantzi handiko bi urteurren izango dira aurten: Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena. Hori dela eta, Irungo EAJ eta EH Bildu alderdiek adierazpen bateratua egin dute.
Hona hemen EAJk eta EH Bilduk adierazitakoa, hitzez hitz:
Lehena. Bat egiten dugu Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin, eta bi efemeride horien garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen dugu.
Bigarrena. Sinatzaileok aitortzen dugu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela 1789 eta 1790 artean; horrez gain, aitortzen dugu 1841ean Nafarroa Garaian, eta 1876an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera ekarri zutela. Era berean, aldarrikatzen dugu eskubide horiek ez direla iraungi, ezta herri borondate demokratikoaren ordez kanpoko erabakiz deuseztatu ere.
Hirugarrena. Sinatzaileok berresten dugu Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.
Laugarrena. Sinatzaileok aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.
Bosgarrena. Sinatzaileok aitortzen dugu udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta konpromisoa hartzen dugu etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan, erakunde demokratikoen rola indartzeko eta hauen artean, bereziki, udal erakundeena.
Seigarrena. Sinatzaileok bat egiten dugu 2026ko uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.

