Saioa Huarte, surf egokituko Espainiako txapeldun berria
HS2 klubeko surfista irundar gazteak Kanarietan irabazi berri du Parasurfing zirkuituko Espainiako txapelketa, Stand 1 mailan.
Saioa Huarte surflari irundarra Espainiako txapelduna izan da asteburu honetan, Kanarietan egindako Gran Canaria Surf No Limit txapelketan. HS2 talde hondarribiarraren parte da Huarte, eta hamar urte daramatza surf egokituan. Lehiatzen baina, soilik lau urte egin ditu surflaria, eta denbora horretan hainbat lehia bereganatu ditu, hainbatetan podiuma zapalduz.
Lehen aldiz Aritz Aranbururen eskutik ezagutu zuen Huartek surfa, zarauztarrak antolatutako jardunaldi berezi batean, Zurriolan. Harrezkeroztik. hainbat modalitate probatu ditu, eta HS2ko Iñaki Navascues Triki bere entrenatzailearekin batera, handik hona ibili da, lehia ezberdinetan jarduten. Azken denboraldia, aldiz, oztopoz beteta izan du, ebakuntza bat egin behar izan ziotelako, Espainiako Parasurfing zirkuitua prestatzen zebilenean.
Stand 1 mailan lehiatzen du irundarrak. Kategoria hori goiko gorputz adarretan desgaitasuna duten kirolarientzat prestatutakoa da. “Zutik surfean aritzen den edozein kirolari, goiko gorputz-adarra moztuta edo antzeko ezintasunen bat izanda. Klase honetan sartzen da, halaber, altuera txikiko surflaria”, horrela adierazten du Parasurfing zirkuituak haien atarian.
Gaztetasuna
Hilabeteak eman ditu Huartek errekuperazio prozesuan, eta helburu argi batekin: Kanarietako lehiara %100ean iristea. Horrela izan da, eta maila bikaina erakutsi du bertan. Bere etorkizun onaren erakustaldi bat izan da. Soilik 18 urte izanda, Parasurfingeko panoraman bere izena ezarri du, eta aurrera begira erronka berriak izango ditu.

