"Borondate falta eta arduragabekeria nabariak dira"
Astelehenean udaletxean egin bezala, gaur Junkal kaleko bulegoak okupatu dituzte Txinzerreko langileek negoziazioak eskatzeko.
Bost hilabete pasa dira Txinzerreko langileek greba hasi zutenetik, eta oraindik negoziaziorik gabe jarraitzen dute. Astelehenean, Irungo udaletxea okupatu zuten, eta ordu laurden izan ziren udaletxeko eskaileretan akordioa lortzeko eta Cristina Laborda alkatea seinalatzeko. Gaur, berriz, ordu erdiz izan dira Txinzerreko Junkal kaleko bulegoak okupatzen, negoziazioak blokeatuta baitaude.
“Ez da normala ia sei hilabete eta gero puntu honetan egotea. Borondate falta nabaria da, arduragabekeria handia da”, adierazi du Alaitz Egiazabal Txinzerreko langile komiteko kideak. Langileen haserrea nabaria da zuzendaritzak hartutako azken proposamenaren ondorioz. “Zuzendaritzak erabakitzea zer den gaixotasun larria eta zer ez; legez kanpoko proposamena da”, nabarmendu du.
Egoera onartezina dela oihukatu dute bulegoan bildutako hogei bat langilek. “Inor ez litzateke behartuta egon behar bere gaixotasunaren izaera azaltzera, aldi baterako ezintasun batean dagoela, bere soldata osorik jasotzeko”. ELAk arazoari irtenbidea emateko borondatea eskatzen dio zuzendaritzari, eta batez ere, Cristina Laborda alkateari, hark baitu ardura gorena. “Ezin dugu onartu gaixorik egon edo istripu bat izateagatik ekiparazio hori ez jasotzea”.

Greba hasi zutenetik eskaera argia izan dute Txinzerreko langileek: udal langileen lan baldintzekin ekiparatzea. Antza denez, 2029rako aurreikusita dago. “Grebalariok hasieratik sartu gara beraiek proposatutako negoziazio plan horretan, egutegi itxi horretan. Prestatutasuna erakutsi zuten halako testu zentzugabea sartzeko. Esaten digute Irungo aplikazioa egingo dela, gure soldataren %10a bermatu behar digute, eta ez dakigu hori nola geratuko den.
Alderdi politikoekin bilera
Zuzendaritzarekin bilerarik egin ezinik, alderdi politikoekin biltzeko aukera izan dute. Astelehen goizean udaletxea okupatu ostean, arratsaldean EH Bildu, PP eta Elkarrekin Irun alderdiekin biltzeko aukera izan zuten. Aldiz, EAJ, Abotsanitz eta PSE-EErekin ez zuten biltzeko aukerarik izan. “Ardura dutenek eta erabaki politikoak har ditzaketenek isiltasuna mantentzen dute”.
Irtenbiderik ezean, herrietan matxurak izango direla azaldu dute. “Estolderiak garbitzen ez badira, saguen eta labezomorroen plagak sor daitezke edozein momentutan”.
Sanmartzialak, bero
Astebete besterik ez da falta San Martzial jaiak hasteko. “Hasieratik esan dugu aurreakordioa lortzeko moduan gaudela. Bost egun daramatzagu bilera bat zehazteko zain eta ez dugu dei bakar bat ere jaso. Ezta azalpenik ez proposamenik ere, ezta gatazka konpontzeko benetako borondaterik dagoela pentsarazten duen keinurik ere”. “Erantzunik eza konponbide bat bilatzeko interes faltaren erakusgarri argia da”, gehitu du langileen ordezkariak. Hortaz, sanmartzialak benetan gozatu nahi badira, gaia ixtea beharrezkoa dela nabarmendu du Egiazabalek. “Ondo itxi behar dute”.

