Irungo Mercadonan kaleratze bat izan dela salatu du ELAk
Ordezkari sindikal bat kaleratu dute, eta hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean, hilak 22, Mercadonan, 11:00etan.
Mercadonaren saltoki bat ELA sindikatuak Mercadonak Irunen duen lantegian ordezkari sindikal baten kaleratzea egon dela salatu du. Sindikatuak adierazi duenez, detektibe batek ordezkaria hilabetez jarraitu du; jarduera sindikalak garatzen zituen bitartean, baita aisialdian ere. Kaleratzeaz aparte, intimitate eskubidearen urraketa izan dela gehitu dute. Kaleratzea salatzeko elkarretaratzea egingo dute Irungo Mercadonan datorren astelehenean, hilak 22, 11:00etan.
“Kaleratutako langilea Irungo lantokiko hauteskunde sindikalistak irabazi zituen zerrendaburua da”, zehaztu dute. Kaleratzea, ordea, sei hilabete geroago izan da, bere lanpostuaren egokitzapenarekin lotutako aldeko epaia lortu eta hilabetera. “Gertaera hauek estrategia baten parte dira, plantillaren ekintza sindikala eta lan eskubideak mugatzeko. Funtzio sindikalak aurrera eramateko zailtasunak, langileei informazioa transmititzeko oztopoak, kontziliaketarako trabak, egutegi aldaketak, eta jarrera eta tratu desegokia enkargatuen aldetik”.
“Delegatu hau duela bi urte ere kaleratu zuten; enpresaren aldetik jazarpena jasan zuen detektibe baten bidez baja mediko baten jarraipena egiteko. Ondoren Auzitegi Gorenak gaitzetsi zuen praktika hori, langilearen oinarrizko eskubideak urratu zirela iritzita”, azaldu dute komunikatuan.
ELAk komunikatuan kontatu duenez ez da lehenengo aldia Mercadonaren praktika salatzen duenik, “behin eta berriz” salatu dute enpresaren aurrean, lan ikuskaritzan eta epaitegietan. “Nahiz eta, hainbat ebazpen eta txosten langileen aldekoak izan, Mercadonak praktika berberekin jarraitzen du”.

