"Gorabeherak izan arren, denboraldi ona egin dugu"
Europan izango da Bidasoa beste urte batez, Espainiako Kopan bigarren izan ostean. Denboraldi gorabeheratsua izan arren, helburuak bete eta balorazio positiboa egin du jokalariak.
Julen Mujika, Espainiako Kopako finalean.Gabi Wazowski Denboraldia bukatuta, Julen Mujika Bidasoako jokalari oreretarrak denboraldiaren errepasoa egin du Alancantetik (Herrialde Katalanak) Espainiako Kopatik bueltan. Azken partida nahi bezalakoa izan ez arren, pozik dago taldeak egindako denboraldiarekin. Alacanten jokatutako Espainiako Kopako finalean Bartzelonaren aurka 37-17 galdu zuten bidasoarrek. Jokalari gaztea da, eta ikasten jarraitzeko gogoz dago.
Zer moduz bukatu duzue denboraldia?
Amaiera bere horretan nahiko mingotsa izan da, baina Espainiako Koparen esperientzia oso polita izan da. Partida politak jokatu ditugu, ondo lehiatu dugu. Nik uste dut horrekin geratu behar garela, nahiz eta Bartzelonaren kontrako finala txarra izan.
Finalera sailkatzeagatik, Europarako txartela lortu zenuten. Kopako helburua hori al zen?
Bai, bere horretan bai. Asobal Ligan laugarrenak izan gara, eta segur aski Europarako gonbidapena edukiko genuela nola edo hala. Kopako finalera pasata, Europako txartelaren balioa hobea da, eta azkenean horrek bermatzen digu datorren denboraldian Europan izatea beste urte batez. Horrekin geratu behar gara. Helburuetako bat hori zen, eta batez ere, finalera heltzea. 30 urte ziren kluba Espainiako Kopako finalera heldu gabe, eta aurten hori lortu dugu.
Huescaren kontrako finalerdiaren aurretik, ligan bosgarren izan den Torrelavegaren aurka jokatu zenuten kopako final-laurdenetan. Nolako partida izan zen?
Bagenekien partida gogorra izango zela. Zozketa egunetik argi genuen lehia handiko partida izango zela. Oso ongi aritu ginen, eta azkenean, finalerdietara sailkatzea lortu genuen.
Denboraldi gorabeheratsua izan da, barrutik nola bizi izan duzue?
Bai, argi dago gorabeheratsua izan dela. Momentu txarrak eduki ditugu. Otsailean eta martxoan emaitzen aldetik bolada txarra izan genuen, partida dezente galdu genituen. Gainera, maila handiko aurkarien aurka jokatu behar izan genuen, ez ziren arerio errazenak izan. Denboraldian halakoak izatea normala da. Martxoan izandako geldialdiaren ondoren, bolada txarrari buelta ematea lortu genuen. Min hartutako jokalariak errekuperatu genituen, eta horrek jokoan eragin zuzena izan zuen emaitza hobeak lortzeko.
Azaroan ere hiru partida jarraian galdu genituen Frantziako Saint Raphaelen aurka Europan, eta Logroñoren eta Torrelavegaren aurrean ligan. Frantziarren kontrako etxeko partida irabazteak pizgarri bat eman zigun hurrengo partidei aurre egiteko. Denboraldi gorabeheratsua izan arren, uste dut balorazio baikorra egin behar dugula. Aurreikusitako helburuak bete ditugu.
Ligan laugarrenak izan zarete, eta azken jardunaldietara arte bigarren postua eskuratzeko lehian egon zarete beste hainbat talderekin batera. Urtetik urtera, maila altuagoa dagoela uste al duzu?
Bai. Nahiz eta laugarren izan, azken momentura arte hor izan gara. Azken aurreko jardunaldiko Granollersen aurkako partida irabaztea gakoa zen, baina gutxigatik ez genuen lortu. Xehetasun txiki kontuak dira halako postuetan gorago edo beherago egotea. Partida horretan ez ziren gure aldekoak izan, eta ez dago besterik.
Europan ere maila handiko taldeak izan dituzue aurkari. Zer helburu zenituzten?
Aurreko denboraldian ligako laugarrenak izan ginenez, Europako zozketan laugarren zozketa-ontzian izan ginen. Hori dela eta, argi genuen multzokako faseko arerioak latzak izango zirela. Printzipioz, maila handikoak. Beraz, ez zen erraza izan. 2024-2025 denboraldian aurkari errazagoak izan genituen lehenengo fasean. Aurten, lehenengo fasetik bigarrenera pasatzea helburua zen, ez premiazko helburua. Azkenean, lortu genuen.
Bigarren fasean, Alemaniako Kiel eta Frantziako Montpellier taldeak izan zenituzten arerio. Zer nolako esperientzia izan zen talde handi horien aurka jokatzea?
Esperientzia oso polita izan zen. Horrelako pistak bisitatzea eta maila handiko jokalarien aurka jokatzea izugarria da. Nahiz eta garaipenik lortu ez izan, esperientzia bere horretan positiboki baloratzen dugu. Uste dut partida hauek erretiroa hartzean gehiago baloratuko ditudala. Orain ez diot gehiegizko garrantzia ematen. Gainera, haien aurka ondo lehiatu ginen, eta horrekin geratu behar gara. Ez genuen partida horiek irabazteko presiorik, eta hori ere polita da esperientzia beste era batera gozatzeko.
Maila pertsonalean, zer nota jartzen diozu egindako denboraldiari?
Gustura nago egindakoarekin. Ez naiz notak jartzearen zalea, ez bainaiz oso ona nire lana baloratzen. Hala ere, denboraldi ona izan dela uste dut, Rodrigo Salinasen lesioagatik nik bakarrik jokatu behar izan dut postu zehatz batean momentu askotan. Momentu horietan Salinasek utzitako hutsunea betetzen ahalegindu naiz. Partida on eta txarragoak izan ditut. Hobetzeko arloak topatu ditut, eta horiek hobetzen jarraitu behar dut. Jokalari gaztea naizenez, hobetzea da orain dudan helburua.
Datorren denboraldian Salinasek taldea utziko du. Hortaz, zu izango zara eskuin alboko jokalari bakarra. Zer izan da Salinas zuretzat?
Salinasek utzitako tokia betetzeko jokalari gazte bat fitxatu du klubak. Eskubaloian, titular eta ordezko rolak ez daude zehaztuta, eta denok jokatzeko aukera izaten dugu. Datorren denboraldian lehia izango dut. Gaztea izan arren, eskuin alboko jokalari beteranoa izango naiz. Taldean jokalari garrantzitsua izateko gogoa dut, eta hurrengo denboraldia erronka pertsonala izango da. Bidasoako jokalari garrantzitsu bat izateko borrokatuko naiz, eta ahal dudan mailarik onena erakutsi.
Salinasi eskerrak eman behar dizkiot, asko ikasi dut harengandik urteotan. Eskertze publikoa egin nahiko nuke. Beti egon da ni laguntzeko prest, eta berarengandik ikasitako guztia erakusten saiatuko naiz kantxan.

