Aldundiaren biribilguneen proiektua handitzea eskatu du Eguzkik
Talde ekologistaren ustez, padura eremua babesteko, aldundiak sortutako proiektua handiagoa egin beharko da, eta era berean, padura eremua handitu.
Mendelu eta Jaizubia artean bi biribilgune egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, trafiko jarioa askatzeko eta segurtasuna bermatzeko. Orain, horren harira, Eguzki Talde Ekologistak eskaera bat egin du: dagoen proiektua baino handiagoa izango litzatekeen proposamena idaztea, Natura 2000 Sareko espazio horretarako ingurumena hobetzen saiatzeko.
Natura 2000 sarea Europako Batasunak sortutako natur gune sare bat da, bertako biodibertsitatea babesteko sortua. Habitatak babesten dira bertan, eta bereziki hegaztietan jartzen da begirada. Jaizubiako marismak, Jaizkibel mendiarekin batera, Natura 2000 sarearen barruan daude. Horregatik, Eguzkiren ustez oso garrantzitsua da eremu hori zaintzea, Natura 2ooo sareak dioen moduan, biodibertsitatea babesteko xedearekin. 2003. urteaz geroztik hainbat hektarea berreskuratu dira Jaizubia eta Arkolla artean dagoen marisman, eta aurrera begira, bide berdinetik jarraitzeko asmoa du aldundiak.
“Kolektibo horretatik uste dugu proiektu honen idazketa aprobetxatu behar dela, eragiten dituen ingurumen-eraginekin, hartzen duen eremua modu zabalagoan gainditzeko eta Natura 2000 Sareko lurrek hartzen duten eremura hedatzen den esku-hartzeari ekiteko”, adierazi du Eguzkik.
Padurak handitzea
Horren harira, bere proposamena aurkeztu du Eguzkik, baina adierazi dute haien proposamenak ez duela aldundiaren proiektua zalantzan jartzen, eta ez duela tramitazioa ateratzen. “Aurkezten dugun proposamenak espazio zabalagoa eta jarraituagoa jorratzen du, eta benetako konpentsazioa da, ez bakarrik proiektuaren eraginena, baizik eta paduraren galerarena, LAPek berak bere proposamenekin ez baitu lortuko. Ikusi erantsitako planoa, beharrezkoak diren doikuntzei lotuta”.
Talde ekologistak argi dauka gaur egungo egoerak, klima larrialdiaren harira, anbizio handiagoko neurriak eskatzen dituela. Horregatik, Eguzkiren ustez beharrezkoa da padura eremua handitzea, bertako ekosistemak funtsezko eginkizun ekologikoa dute eta, “hala nola nola iragazki araztaileak, ekaitzetatik babesteko hesiak eta flora, fauna eta hegazti migratzaileentzako ezinbesteko babeslekua izatea”.

