"Guk legalki ordaindu nahi dugu, baina jabearen erantzuna mehatxuak eta irainak dira"
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin zuen atzo, eta Dunboako familia baten kasuan sakondu zuten, haien etxegabetze saiakera eta lehenagokoak azalduz.
Agerraldia egin zuen atzo Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Irunen, azken asteetan egon diren gertakarien harira. Duela bi aste Desokupa CyL enpresak familia bat kaleratu nahi izan zuen, baina sindikatuko militanteek aurre egin zieten, desokupazio enpresa Irundik botaz. Horrez gain, azken egunetan beste desokupazio enpresa batek, auzo berdinean, Dunboan, beste familia bat kaleratzeko saiakera egin du.
Sindikatutik argi utzi nahi izan dute ez dituztela horrelako enpresa “faxistak” haien herrian onartuko, eta horren aurka antolatzen jarraituko dutela “Desokupazio enpresek ez dute lekurik ez Irunen eta ez inon. Ideia faxisten zabalkunderako tresna dira, eta horren adibide dira haien mezuak, janzkerak, tatuajeak, talde neonaziekin dituzten harremanak…”. Sindikatutik uste dute okupazioaren inguruan sortutako mamuak horrelako jarrerak elikatzen dituela, eta bidea zabaltzen diela halako taldeei, pertsonak jazartzeko eta langileria intimidatzeko.
Argi utzi nahi izan dute Dunboan izandako bi kasuak ez direla okupazio kasuak. “Etxejabeen erantzukizuna nabarmendu nahi dugu, eta agerian utzi daukaten inpunitatea. Haiek dira desokupazio enpresak kontratatzen dituztenak, eta langileriaren aurka egiten dutenak”, gehitu du sindikatuak.
Desokupa CyL enpresak jazartutako familiaren kasuan sakondu nahi izan dute: “Familia hau irungo iruzurgile eta esplotatzaile baten bidegabekerien biktima izan da. Maizterrek ez diote inoiz etxeko alokairua ordaintzeari utzi. Desokupazio enpresaren mehatxuez gain, etxearen jabeak, eta era berean bere laneko nagusia denak, irainak eta mehatxuak bota dizkie etengabean”. Jazarpen horrez gain, sindikatuak gertakariaren konponente arrazista aipatu nahi izan du.
Mehatxuak, irainak eta umiliazioak
Familiaren ordezkaritzapean Youssef mintzatu da, familiako aita. Haien kasua azaldu du. 2019. urtetik daramatzate Youssefek, bere emazteak eta bere semeak Dunboa auzoko etxe hortan bizitzen. “Hilabetero ordaindu ditugu ordaindu beharreko gastu guztiak, atzerapenik gabe”, azaldu du Youssefek. Etxearen jabea bere nagusia zen era berean, eta adierazi duenez, etxeko gastuak bere nominatik kentzen zizkion nagusiak.
Aurtengo otsailean, jazarpen jarraitu baten ondoren, familia nekatu egin zen, eta nagusiari etxebizitzako kontratuaren formalizazioa eskatu zioten. “Otsailean, berekin nuen harremana hautsi nuen, jasan genituen umiliazioak eta jazarpenak gehiegizkoak ziren eta. Berekin eztabaidatu ostean, etxebizitzako kontratua bidali nion, eta egunean bertan, etxeko erroldan baja eman zigun”. Hortik aurrera, era askotako jazarpena jaso du familiak. Jabeak kontratatutako argindarra zenbaki baxuenetan jarri zuen, erabili ez zezaten. Ura ere moztu egin zieten, eta bizilagunei esker lortu zuten berreskuratzea.
Familiak etengabean adierazi dio jabeari haiek soilik modu legalean ordainduko dutela, hau da, kontratu batekin eta bankuko transferentzia bidez. “Abendutik alokairua ez ordaintzea leporatu digu, baina nik martxoa arte jarraitu dut harentzat lan. Apirilean ere birritan agertu naiz bere bulegoan, mesedez eskatzeko ordainketa modu legalean egiteko aukera eman dezan. Berak soilik eskudirua nahi du”. Desokupako kideen presentziaren harira, Youssefen emazteak antsietate krisi bat izan du, familiarentzat momentu oso gogorrak izaten ari dira eta. “Haien aldetik jasotako deiak eta mezuak egunero eman dira, mehatxuz beteak, etxea utzi dezagun exijituz”.
Sindikatuari haien laguntza eskertu nahi izan die Youssefek. “Laguntza eskaini digute, eta betirako egongo naiz eskertua”. Era berean, bizilagunen babesa nabarmendu nahi izan du.

