Gaur jasoko du Baztango Plazara Dantzara! kolektiboak Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria
Jaizkibel konpainiaren urteroko berdintasunaren aldeko aitortza ekitaldia 19:00etan izango da, Itsas Etxean.
Plazara Dantzara! kolektiboko kideak, plazan dantzan.erran.eus Gaur emango du Jaizkibel konpainiak hamabigarrenez Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria. Ekitaldia 19:00etan izango da, Itsas Etxean. Baztango Plazara Dantzara! kolektiboari egingo dio aitortza konpainia parekideak, Baztango dantzetan emakumeen presentzia bermatu izanagatik, eta horren alde borroka egiteagatik. “Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu: hemen alardean, eta han mutil-dantzetan”, adierazi du Jaizkibel konpainiak.
Jaizkibelek esan du egun oraindik ere emakumeak ez daudela “gure herriko festetan berdintasunean eta askatasunean ospatzeko aukera berdinekin”. Horregatik, berdintasunaren aldeko aldarrikapena festarekin uztartzen jarraitzen dutela berretsi du konpainiak.
Itsas Etxera joateko deia egin die Jaizkibelek herritarrei. Sarrera doakoa da, aretoaren edukiera bete artekoa.

