3.000 euroko isunak, pintaketa matxistak ezabatzeagatik
Irungo Udalak 3.040 euroko isuna jarri die Itaiako lau militanteri, 'No al feminazismo', 'Hombres idiotizados', 'Manipuladoras mentirosas' edo 'Hijas de puta' leloak ezabatzeagatik, besteak beste.
Azaroaren 4an egindako pintaketak, Itaiako militanteengandik estaliak. 2025eko azaroaren 4an, pintaketa matxistez beteta esnatu zen Irun. Erdigunean egin ziren. No al feminazismo, Hombres idiotizados, Manipuladoras mentirosas edo Psicopatia feminazi izan ziren paretetan jarritako lelo batzuk. Horren aurrean, Itaiako militanteak pintaketa horiek tapatu zituzten, lelo matxistak ezabatzeko xedearekin. Orain, ia 6 hilabeteren ondoren, militanteek adierazi dute udalaren aldetik jaso dutela 3.000 euroko isuna.
Pintadak agertu ziren egunean bertan haien kontrako mezua zabaldu zuen Irungo Udalak, eta adierazi zuten haiek borratzeari ekingo zutela. Itaiako militanteek aldiz, azaldu dute udalak ez zuela bere hitza bete, eta hainbat pintaketak berdin jarraitzen zutela. Horregatik, haien erabakia mezu matxistak estaltzea izan zen. Hori bera egin zebiltzala, Udaltzaingoak hainbat militante identifikatu eta miatu zituen, eta orain iritsi zaie egun haietako isuna. “Margoketa horiek ezin dira Irungo kaleetan egon, eta ondorioz, gu hitzetatik ekintzetara pasa ginen”, adierazi zuen Nora Ezeiza Itaiako kideak maiatzeko udalbatzan.
Itaiak salatu du Irungo Udalak berehala hasi zuela militanteak zigortzeko prozesua. Lehenik, Ertzaintzan salaketa jarri zuen, bide penalari hasiera emateko. “Azarotik ez genuen jakinarazpenik jaso, baina Ertzaintza bertan egon da uneoro, gure militanteak jazartzeko prest. Azkenean, ikerketa penala bertan behera gelditu da, pentsatzen dugu Ertzaintzak edo epaitegiak ez zuelako bideragarria ikusten. Baina zuek ez zarete atzera bota, eta udal ordenantza eskuan, isunak jarri dizkiguzue”, esan zuen Ezeizak, Cristina Laborda alkateari zuzendua. Adierazi dute, lau identifikatuei isuna iristen bazaie, osotasunean 3.040 eurokoa izango dela ordaindu beharreko zifra.
Udalaren “hipokrisia” salatzeko baliatu nahi izan zuten udalbatza: “Urtean pare bat aldiz pin feminista jarri, baina egunerokoan indarkeria matxistaren aurka egiten dutenei kontra egiten diozue. Ederra da duzuen aurpegia”. Itaiaren ustez, azken urteetan, haien militantzia lana oztopatzen aritu da Irungo Udala, “zentsura eta errepresioa” haien aurka erabiliz. Erakunde politikoen egunerokoan dago pankartak edota kartelak jartzea, herritarrei haien jardunaren inguruko informazioa helarazteko xedearekin. Irungo Udalak, haren ordenantzaren arabera, gizabidearen aurkako jarrera moduan identifikatzen ditu horrelako kaleko jardunak, eta txakur kaken edota lurrera botatzen den zaborraren maila berdinean jartzen ditu. “Horrelako ekintzek 751 eta 1.500 euro arteko isunak dakartzate”.
760 euro pegatina bat jartzeagatik
Beste kasu bat azaleratu zuen Ezeizak udalbatzan. “Aurreko astean, gure bi kidek, 760 euroko isun bana jaso zuten pegatina bat jartzeagatik. Pegatina bakarra.” Itaiako militanteak gehitu du gertakariaren espedientea eskatu zutela, eta eman zitzaien dokumentuan azaltzen zela nola Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontaktua egin zuten gertatutakoaren haria, eta Ertzaintzak informazioa eskatu zuela gertakariari buruz, bi identifikatutakoen inguruko informazioa zuhurki jasotzeko agindua baitzuten.
Azaleratutako guztiaren ondoren, hainbat eskakizun egin zizkion Itaiak Irungo Udalari:
- Jarritako isunak kentzea. “Pintada matxistak egitea eta haiek ezabatzea maila berean jartzen dituzue? Zuek esan zenuten hori bera egingo zenutela, baina ez zenuten egin, guk egin behar izan genuen, eta horrengatik jarri dizkiguzue isunak”, esan zuen Ezeizak.
- Propaganda politikoa despenalizatzea. “Ordenantza aldatzeko eskatzen diogu udalbatzari, bermatua egon dadin propaganda politikorako, eta oro har herritarren adierazpen askatasunerako eskubidea. Zehazki, 27, 43, 44 , 45 eta 46 artikuluak ezabatzea eskatzen dugu”.
- Propaganda kentzeari eta jazarpen polizial sistematikoari amaiera ematea. “Txingudiko Zerbitzuei eta poliziari propaganda politikoa kentzeko emana diezuen agindua kentzea eskatzen dugu.


