Kirol inklusiboaren alde, hirugarrenez
Hondarribia Baltsan egingo dute igandean, herriko hainbat kirol taldearen laguntzarekin. AZTEGIk sustatutako egitasmoa da.
Hondarribia Baltsan hirugarrenez egingo dute, igandean, kirol inklusiboaren alde. Kirola da erdigunea, eta protagonistak, adimen desgaitasuna duten pertsonak. AZTEGI elkarteak Hondarribiko hainbat kirol talderekin egiten duen elkarlanaren fruitua da Hondarribia Baltsan. “Inklusioaren aldeko beste urrats bat da hau”, adierazi du Josu Peña Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Adimen desgaitasuna duten 120 pertsonek parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta aurten ere Hondarribia Eskubaloia taldea eta Hondarribia Ikasbasket kluba batu dira. Parte hartzaileek hainbat kirol egiteko aukera izango dute. Arraun Elkartearekin arraunean arituko dira, Hondarribia Futbol Elkartearekin futbolean, mendian ibiltzeko aukera Erlaitz Mendi Elkartearekin izango dute, Hondarribia Pilota Eskolarekin palan, surfean HS2 elkartearekin, eta esan bezala, eskubaloian eta saskibaloian baita ere.
Javi Gonzalo mintzatu da Hondarribia Futbol Elkartearen izenean, eta adierazi du haientzat hasieratik proiektu “oso polita” iruditu zitzaiela. Halere, nabarmendu du AZTEGIren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzatekeela horrelako egun bat aurrera eramatea. Azkeneko urteetan, asko disfrutatu dute partaideek, eta horrek errepikatzera eramaten ditu, agian beste kirol bat hautatuz. “Gainera, gure klubetako gazteentzako momentu ederra izaten da ere. Esperientzia aprobetxatu behar dute, beti bezala ahalik eta gehien ikasteko”, gehitu du Gonzalok.
Eskerrak
AZTEGIko Bidasoako Familia Batzordeko kide Karmele Mitxelenak hurrengoa adierazi nahi izan du “Ama eta ATZEGIko kide gisa, eskerrak eman nahi dizkiet Hondarribia Baltsan babesten duten elkarte eta bultzatzaile guztiei. Herritarrak parte hartzera eta jardunaldiaz gozatzera animatu nahi ditugu”.
09:30ean hasiko da eguna, kirolariei harrera eginez. 10:00etan hasiko dira kirolekin, eta ondoren, Ardoran bazkalduko dute denek.

