Zigarrokinek eragindako kutsadura geldiarazteko, Colillaton
Ostiral honetan, hilak 5, zigarrokinak biltzeko ordubeteko saioa egingo dute Ficoban, horiek eragiten duten ingurumen-inpaktua aztertzeko.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Surfrider Fundazioak Colillaton egingo dute ostiral honetan, hilak 5, Ficoban. Zigarrokinen ingurumen-inpaktuari buruz sentsibilizatzeko ordubeteko saioa egingo dute, 16:00etan hasita. Colillatonen parte hartzea doakoa izango da. Zigarrokinak bilduko dituzte, gero horiek zenbatzeko eta lortutako emaitzak aztertzeko. Bioterra azokaren baitan antolatuko dute, eta zigarrokinen eragin larria ikusaraztea eta herritarren artean ohitura arduratsuagoak sustatzea du helburu.
Surfrider Fundazioak ozeanoak, kostaldeak, ibaiak eta lakuak babesten eta kontserbatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Espainiakoaren kasuan, Donostian du egoitza, eta urteotan jarduera ugari egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Fundazioak hiru ardatz ditu: hondakinek eragindako kutsaduraren aurkako borroka, uraren kalitatea eta ingurumen-osasuna babestea, eta itsasertza klima-aldaketaren eta hirigintza-presioaren aurrean egokitzea.
Zigarrokinak hondakin ikusezinak dira eta jasotako kopurua oso handia izan ohi da. Urtero, 4,5 bilioi zigarrokin uzten dituzte naturan; gero, mendietan, ozeanoetan eta ibaietan amaitzeko. Zigarrokinek 7.000 substantzia toxiko baino gehiago askatzen eta mikroplastikoak sortzen dituzte. Zigarrokin bakar batek 50 litro ur kutsa ditzake. “Espazio publikoan abandonatuta amaitzen duten zigarrokin kopuru izugarria frogatu nahi dugu, eta askotan oharkabean pasatzen den hondakin bati buruzko kontzientzia sortu”, adierazi du Xavi Curto Espainiako Surfrider koordinatzaileak.

