Gipuzkoako Traineru Txapelketa, epela
Ez hotz, ez bero. Epel. Hala laburbildu daiteke Oarsoaldeko eta Bidasoko traineruek atzo Gipuzkoako Traineru Txapelketan egindako lana.
Hondarribiko emakumeak, atzo Getarian.Josu Z. Ez hotz, ez bero. Epel. Hala laburbildu daiteke Oarsoaldeko eta Bidasoko traineruek atzo Gipuzkoako Traineru Txapelketan egindako lana. Lanik aipagarriena emakumeen traineruek egin zuten, zehazki, San Juanek eta Hondarribiak. Arrosek zilarrezko domina irabazi zuten, eta berdeak laugarren izan ziren. Gizonetan, Hondarribia laugarren izan zen ere bai. Traineruen ligak hasteko hilabete baino gutxiago falta den arren, atzo Getarian egin zen Gipuzkoako Txapelketa aurkezpen-gutun antzekoa izan zen.
Espero zen bezala, Donostia Arraun Lagunak izan zen emakumeen kategoriako irabazle. Haiengandik 7 segundora iritsi zen San Juan, nahiz eta txanda ezberdinean aritu. Bateleren atzetik sailkatu ziren, adibidez, Tolosaldea, Kaiarriba, Orio, Hibaika eta Zumaia, denak sanjuandarrekin batera EuskoTren Ligan ariko direnak. Emakumeen mailarik gorenera iritsi berri dira arrosak, eta atzoko Gipuzkoakoa erreferentzia bezala hartzen bada, mailari eusteko, eta zergatik ez, lehen txandako izateko hautagai izan daitezke.
Hondarribiak ere oso lan txukuna egin zuen laugarren posturarekin. ETE Ligakoa izanik, EuskoTreneko lau traineru utzi zituen atzean (Kaiarriba, Orio, Hibaika eta Zumaia). Horrek esan nahi du gaur-gaurkoz oso maila txukunarekin direla berdeak, eta igoerari begirako faboritoen artean izango direla.
Hibaika zortzigarren izan zen emakumeetan. Ikusi behar da datozen asteetan zer eboluzio duen Madalen traineruak, ligaren hasierarako ziur askoz hobeto egongo direlako.
Gizonak
Oriok irabazi zuen Gipuzkoakoa gizonetan, Donostiarrarekin lehia bizi-bizian. Getaria hirugarrenaren atzetik sailkatu zen Hondarribia, banderatik urrun. Hazten jarraitzeko sasoia dute aurtengoa ere hondarribiarrek, maila atzokoan bezala sasoian zehar maila txukuna ematen badute, hazkunde hori erabatekoa izango da.
San Juan seigarren izan zen, irabazletik 34 segundora. KAE1eko Zarautz izan zuen aurretik. Aste batzuk dituzte arrosek Madrilen hasiko den Eusko Label Ligako lehenera puntutxo bat gehiagorekin iristeko, iaz bezala, lehiakor izateko bidean urratsak egiteko.
Hibaika zortzigarren izan zen, eta San Pedro, tripulazio gazte-gaztearekin, hamargarren.
Beteranoetan Trintxerpe-Illunbe laugarren izan zen, Badok 13, Fortuna eta Zumaiaren atzetik.
Sailkapenak
Jarraian, atzo Getarian egin zen 2026eko Gipuzkoako Traineru Txapelketako sailkapenak oso-osorik ikusteko aukera.

