Desokupari aurre egin diote Irunen
Atzo (hilak 28, osteguna) Desokipa CyL Irunen izan zen. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Dunboa auzoan bizi den familia zaurgarri bat etxetik botatzera joan ziren.
Atzo arratsaldean dozenaka lagun bildu ziren Dunboan Desokupari aurre egitekoEtxebizitza Sindikatu Sozialista Atzo (hilak 28, osteguna) Desokipa CyL Irunen izan zen. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Dunboa auzoan “familia langile bat beldurtzea eta mehatxuen bidez haiek etxetik alde egitea” zen Desokuparen asmoa. Sindikatuak zehaztu du asteak direla familia horren egoera zaurgarriaren berri duela, haiekin harremanean daudela laguntza emate aldera. Gainera, sindikatuak bazekien Desokupakoak agertzekoak zirela, “enpresa faxista horren mehatxuei aurre egiteko antolatu ginen”.
Goizean izan ziren Desokupakoak Dunboa auzoko etxebizitza hartan; sindikatuko kideek aurre egin, eta joan egin ziren. Arratsaldean bueltatzekoak zirela esan zuten enpresa horretakoek; ez ziren agertu. Sindikatuak herri deialdi bidez dozenaka lagun bildu zituen arratsaldez Dunboan, “jakin dugunez, Burgosera joan ziren”.
Joanarazi arren, erne egoteko deialdia egin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, “edozein unetan ager daitezke berriro”. Azpimarra jarri du eragileak Desokuparen izaeran: “Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik enpresa horren izaera faxista salatzen dugu. Haien metodoek, sareetan zabaltzen dituzten diskurtso erreakzionarioek eta jabeentzat betetzen dituzten funtzio eskuadristak enpresa faxista bihurtzen dute, gure ustez. Gainera, beste behin argi geratzen da enpresa horiek ez dutela okupazio kasuen aurka bakarrik egiten, baita maizter erregularren aurka ere, jabeek ‘gainetik kendu’ nahi dituztenean”.
Antolatzeko eta sindikatuen babesera joateko eskatu dute, “kasu horietan antolakuntza benetan eraginkorra delako”.
Atzoko gertakarien irudiak ikusteko joan Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren X sare sozialeko kontura.

