Meliton Manzanasi "dominak eta ohoreak" kentzeko mozioa aurkeztu du Egiari Zor fundazioak
Egiari Zor fundazioak bultzatuta, Irungo osoko bilkurak mozio bat bozkatuko du bihar, Meliton Manzanas torturatzaileari domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak ken diezazkioten. Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan biktima gisa aitortua dute.
Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan aitortza egina diote Meliton Manzanasi.Irungo Udala [Antxeta Irratitik eta Berria-tik hartutako informazioarekin landu da albiste hau]
Meliton Manzanas torturatzaileari aitortutako 50etik gora «domina eta ohoreak» baliogabetzeko mozioa aurkeztuko du Egiari Zor fundazioak biharko (hilak 29, ostirala) Irungo udal osoko bilkuran. Diktadura frankistaren garaietan hasi eta 1968ko abuztuaren 2an ETAk Irunen hil zuen artean, Gipuzkoako Polizia Politiko Sozialaren Brigadako buruak eragindako errepresioaren biktimen zerrenda luzea bada ere, torturatzailea Irungo Terrorismoaren Biktimen Oroigarrian agertzen da. Ohore horiek mantentzeak «legearen izpiritua eta letra urratzea» dakarrelako, eta estatu demokratiko baten «printzipio etikoekin talka» egiten duelako, mozioaren alde egin dezaten interpelatu dituzte udal talde politikoak.
Aurkeztutako mozioa udalbatza osatzen duten talde politikoen adostasun handia jasoko duelakoan dago fundazioa. PSE-EE, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek osatzen dute udal korporazioa. Eta Espainiako Gobernuari torturatzaileak gaur egun dituen domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak baliogabetu eta kentzeko behar gestioak egin ditzala eskatzeko konpromisoa har dezatela galdegiten diete tokiko udal talde politikoei. Iragarri dutenez, Pilar Garaialdek, Egiari Zor fundazioko bozeramaileak hitza hartuko du udal osoko bilkuran mozioa defendatzeko.
Joan den martxoaren 31n Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak Irungo Udalari dei publiko bat egin zion, Iparralde etorbideko terrorismoaren biktimen oroigarrian bizi den injustizia dela eta. Duela 50 urte, 1976ko irailaren 8an Guardia Guardia Zibilak hildako Josu Zabala Erasunen izena ez baita ageri memorialean, bai aldiz Meliton Manzanas torturatzaile ezagunarena. Hain justu, Meliton Manzanas Gonzalezek, Josu Zabala Erasunen aita bera torturatu eta pistola bat buruan jarrita mehatxatu zuen. Baina torturatzailea da omendu bakarra.
Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren buru izan zena ETAk hil zuen 1968ko abuztuaren 2ko 15:15 inguruan; goizean, Jose Luis Segurola euskal militantea torturatzen izan zen. Manzanasen azken torturatuak espezialista horren eskua probatu zuen bere gorputzean, baina erdizka bakarrik, hasia zuen tortura saioa bukatu gabe utzi baitzuen: «Hitz egingo duzu; gero etorriko naiz zu egurtzera berriro, eta hitz egingo duzu», agindu zion Segurolari. Ez zuen bere hitza bete, ETAk galarazi baitzuen haren aurkako atentatu baten bidez. 15:15 aldera hil zuten tiroz Irungo bere etxean, goizeko tortura saioak bukatuta hara bazkaltzera joan baitzen. Segurola haren zain izan zen ziegan. Manzanasek ez, bere kideek torturatu zuten oriotarra arratsaldez.
Gaiaz erreportajeak egin dituzte Antxeta Irratiak eta Berria-k. Joan haien webguneetara informazio xeheagoa izateko. Jarraian, Antxeta Irratiak egindako bideoa, tartean Jose Luis Segurolaren testigantza agertzen da.

