Mozioa aurkeztuko du EAJk gaur udalbatzan, kaleko pintaketak eta pankartak direla eta
EAJk Hondarribian espazio publikoaren garbitasuna, errespetua eta neutraltasuna eskatuko du gaurko udalbatzan.
EAJk oharrarekin atxikitutako argazkia. EAJk Hondarribian espazio publikoaren garbitasuna, errespetua eta neutraltasuna eskatuko du gaurko udalbatzan, maiatzeko udalbatzan. Mozioa erregistratu du EAJk. Herriko kaleak pintaketaz, grafitiz edo pankartez zikinak daudela uste dute jeltzaleek, eta adierazi dute, arazoa ez dela araudi falta bat, baizik eta dagoena betearazteko borondate politiko falta. “Ez bada egiten, ez da ezin delako, baizik eta ez delako nahi”, esan du EAJk, udal gobernuari zuzenduta.
Herriko hainbat eragilek, haien propaganda egiteko, kartelak eta pankartak itsatsi edo jarri egin izan dituzte kalean. Horren aurrean, EAJk haien haserrea erakutsi du hainbatetan, gehien bat sare sozialen bidez. “Espazio publikoa herritar guztien ondare partekatua da, eta haren zaintza ez da soilik estetika kontua, baizik eta bizikidetza, errespetua eta bizi kalitatearekin lotutako gaia”.
Hainbat eragile politikok erabiltzen duten kalea haien mezuak aldarrikatzeko. Jeltzaleek, horren aurrean, uste dute herritar guztien ordezkaritza ez duten mezu politiko edo ideologikoen euskarri gisa erabiltzeak “neutraltasun printzipioa urratzen dutela”. Hori ez ezik, inposizio modu bat da haien ustez, “bizikidetza demokratikoarekin bateraezina dena”.
Horregatik, gobernu taldeari eskatu diote bere ardura bere gain har dezala eta irmotasunez jardun dezala herritar guztiena den espazio publikoa babesteko.

