Ingurumena eta Goikoerrota oinarri hurrengo astean
Ingurumen Astea egingo dute ekainaren 1etik 7ra. Hainbat egitasmo egingo dituzte, horien artean, Goikoerrotari buruzko dokumentalaren estreinaldia.
Ingurumen asteari ekingo diote ekainaren 1ean. Bigarren aldiz egingo da egitasmoa, ekainaren 5eko Nazioarteko Ingurumenaren Eguna dela eta. Herritarrak ingurumenaren kontzientziaziora hurbildu nahi ditu udalak. Garoa Lekuona Ingurumen Zinegotziak aurkeztu du egitasmoa. “Ipuin kontaketak, txangoak, dokumental bat… egitarau anitza osatu dugu, adin guztietako herritarrei zuzenduta”.
Lekuonak argi utzi nahi izan du ekitaldi guztietarako izen ematea beharrezkoa dela, aforo mugatua dute eta. Horretarako, egin klik hemen.
Astean bitan izango da ipuin kontalaria. Ekainaren 1ean Miru ipuin kontalariak Nik maite dut natura ipuina irakurriko die 3 eta 8 urte arteko txikiei, 18:00etan liburutegian. Ekainaren 4ean ere, kontalari berdina izango da, ordu berean, baina beste liburu batekin: Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa. Ekainaren 3an Zero Zabor Uretan proiektua abiatuko dute, herriko ikastetxeek eta Mater ontziak, elkarrekin. “Bioterran ere proiektuaren inguruko erakusketa izango dugu”, esan du Lekuonak.
Tailerrak ere ez dira faltako. Ekainaren 5ean bi txanda egingo dira, haurrentzat (17:00) eta helduentzat (18:30). Xaboi naturalak egiteko tailerra izango da, eta Kultur Etxeko 103. gelan egingo dute. Larunbatean, hilak 6, beste tailer bat: koloretako letrak. “Goroldioekin eta likenekin apainduko ditugu letrak”. Helduentzat, aldiz, koadro biziak egiteko tailerra izango da 12:00etan. Larunbatean ere, txango bat egingo dute, Aranzadi Zientzia Elkarteak bideratuta. Jaizkibelen izango da, bertako fauna eta flora ezagutzeko. 09:30ean hasiko da txangoa.
Goikoerrota erdigunean
Ingurumen asteko plater nagusia Goikoerrota izango da. Hondarribiko baserri mitikoaren inguruan, Lander Etxedonak dokumental bat ondu du. “Gure aginte planaren barnean badago Goikoerrota berreskuratzeko eta irekitzeko asmoa. Horregatik, asteazkenean dokumentala proiektatuko dugu, eta ondoren, parte hartzearen bitartez, solasaldi bat irekiko dugu, herritarrek haien iritzia eman dezaten”.

