Jose Gomez de Arriba, Espainiako Milla Master txapelketan hirugarren
Gomez de Arribaren emaitzaz harago, Super Amara BATeko kirolariak 3.000 metroko eta jauzi hirukoitzeko Gipuzkoako txapelketan podiumean izan dira.
Asteburuz asteburu, Super Amara BAT taldeak emaitza baliotsuak pilatzen jarraitzen du. Oraingo honetan, Espainiako Milla Master Txapelketa eta Gipuzkoako 3000 metroko eta jauzi hirukoitzeko txapelketatan izan dira taldeko hainbat kirolari. Hori gutxi ez, Plaiaundin Euskadiko eskolarteko kirol jokoak antolatu zituzten larunbatean, eta bertan harrobiko kirolari gazte ugari izan ziren.
Jose Gomez de Arriba Espainiako Milla Master Txapelketan izan zen Santa Maria de Cayon (Kantabria, Espainia), eta M45 kategorian brontzezko domina eskuratu zuen. Irundarrak 4.39 minutuko denbora behar izan zuen, bigarrena izandakoarengandik segundu bakar batera. Martxoan, M45 kategoriako maratoia irabazi zuen, eta oraingoan hirugarrena izanik, sasoian jarraitzen duelaren seinalea da.
3.000 metroko Gipuzkoako txapelketan Lukas Cabezonek eta Sara Mancisidorrek garaipena lortu zuten, 20 urtez azpikoetan eta maila absolutuan, hurrenez hurren. Mancisidorren atzetik, Naia Piquer eta Eider Aramburu taldekideak iritsi ziren. Emakumezkoen maila absolutuko podiuma bidasoarrez beteta egon zen. Jauzi hirukoitzean, 16 urtez azpikoetan Yuxuan Zhu eta Aiala Larruskain bigarren eta hirugarren izan ziren.
Euskadiko eskolarteko kirol jokoetan, hiru garaipen eta bestelako baliozko postuak lortu zituzten Super Amara BAT taldeko gazteak. Hegoi Errazquin, 80 metro hesi lasterketan; Peru Gomez, 80 metroetan; eta Ekaitz, Aiur, Hegoy eta Peru, 4×80 erreleboetan lehenengoak izan ziren.

