Ohorez, 'Ohorera'
Mailaz igo da Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen taldea, Ohorezko Erregional mailara, eta herriarekin batera ospatu dute. Denboraldia amaitu da, baina ospakizuna orain hasi da.
Orain bai, amaitu da denboraldia. Aurreko astean bermatu zuen Hondarribia Futbol Elkarteko gizonezkoen lehen taldeak maila igoera, baina orain, ospatzeko garaia iritsi da. Azkeneko partidua izan du gaur taldeak, Internacional talde donostiarraren aurka, etxean, Ondartzan. Zelaia bete da, herriko garaileak ikusteko gogoekin, eta esan bezala, ospatzeko gogoarekin.
Gaur 3-1 irabazi du taldeak, denboraldiko martxa ona berriro ere haien zaleen aurrean erakutsiz. Baina gaurko emaitza eguneko gutxienekoa izan da. Partidua baino lehen lanean zebiltzan Abiyuan Txarangako kideak, herriko zaleak girotzen. Egonaldian ere beste hainbat abesti jo dituzte. Partidua bukatu ahala, ospakizuna abiatu da, eta ez edozein eratan. Herriko kuadrilla baten laguntzaz (Kaldosuak), jokalariek haien rua pertsonala izan dute eskura. Hil honetan Bartzelonako jokalariak egin duten moduan, haien ibilgailura igo, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte.
Butroi pasealekuan izan dira, zaleekin eta familiekin batera lortutakoaz disfrutatzen. Hona hemen HITZAk ateratako argazkiak:

