Ezezagun bezain ezagun den antzerki elkartea
20 urteko ibilbidea duen Irungo Ezezagunok antzerki taldeak 2026ko Max Amateur saria irabazi du. Zuzendariak zein aktoreak lortutakoa ezin sinistu dabiltza.
Saridunak ez dira beti profesionalak izan behar. Sariak egindako lanaren erakusle izan ohi dira, eta sariak ez dira falta Ezezagunok antzerki elkartearen egoitzan. Sari ugari izan arren, preziatuena falta dute: Max Amateur saria. Antzerki amateurraren sari garrantzitsuena irabazi du Irungo antzerki elkarte horrek egin duen ibilbideagatik, eta Hitza-k bertako partaideekin egoteko aukera izan du saria jasotzear diren honetan. Bertan izan dira Luisma Moreno eta Miren Etxeberria zuzendariak, baita Rebeca Lorenzo aktorea ere. Hirurek ez zuten espero saria irabaziko zutenik, «baina irabaztearekin amesten genuen».
2026ko Max Amateur saria eskutan izan gabe, oraindik ere, kostatzen zaie lortutakoa barneratzea. Ekainaren 1ean jasoko dute Meridako (Extremadura, Espainia) Erromatar Antzokian egingo duten ekitaldian. «Espainiako estatuan antzerkian banatzen den sari loriatsuena da; zineman Goya sariak diren bezala», azaldu du Morenok. Saria egindako ibilbidearen aitorpena da. 2007an, Etxeberriarekin eta Morenorekin batera, Ana Perez ere antzerki taldearen sorreraren leku izan zen. 2024an zendu zen Perez, eta emanaldi guztietan egiten duten bezala, sari hau ere hari eskaini nahi izan diote. «Uneoro dugu presente».
Urteotan hainbat ikuskizun landu ditu antzerki elkarteak. Taldeak izan duen bilakaera aktoreek izan duten garapenari esker izan dela argitu du Etxeberriak: «Hasieran testu laburrak lantzen genituen, eta emanaldiak laburrak izaten ziren». Exacticamente diversa azken lana, ordea, «su geldoan» landutakoa izan da. Lewis Carrollek idatzitako Alicia lurralde harrigarrian eleberrian oinarrituta dago, eta Lorenzo aktoreak lanaren xehetasunak azaldu ditu.
«Eleberria goitik behera egokitu dugu, istorioaren muina aldatu gabe», azaldu du Lorenzok. Zuzendariek obra zein izango den erabakitzen dutenean, ahalik eta azalpen zehatzenak ematen dizkiete aktoreei. «Adibidez, interpretatuko duten pertsonaiaren janzkeraren argazkiak bilatzeko eskatzen diegu, bere pertsonaiarekin identifikatuta sentitzeko». Obra beraren ikuskizun batetik bestera aldaketak egon daitezkeela esan dute hirurek, beti ere, txikiak izaten badira. «Gustatzen zaigun zerbait berezia bada, obran txertatzen saiatzen gara. Hori dela eta, ikuskizunetara datorren publikoak askotan esan ohi izan digu eszena bat edo beste aldatu egin dugula».
Motibazioa, ezinbestekoa
Exacticamente diversa antzezlanean hiru Alicia eszenaratzen dira. «Eleberrian Alicia bakarra dagoen arren, obran hiru Diversa gara», adierazi du Lorenzok. Eleberriko pertsonaiak batzuetan bikoiztu edota hirukoiztu egin behar dituzte, obra moldatu egiten dute denek parte har dezaten. Egun, 21 partaidek osatzen dute Ezezagunok antzerki elkartea.
«Betidanik argi izan dugu casting-a ez zela aktoreak aukeratzeko bidea, irizpide hori ez dator bat gure proiektuarekin», azaldu dute zuzendariek. Taldean izena ematen duen edonori galdera pare bat egiten dizkiote. Batetik, ea prest dagoen antzerki elkarte baten parte izateko; eta beste alde batetik, ea prest dagoen antzerkigintzan lan egiteko. «Bi galdera horien erantzunak baiezkoak badira, aurrera egiten dugu. Pertsona horiek benetako motibazioa dutela igarri egiten dugu».
Bi galdera horien erantzunarekin argi ikusten da norberaren motibazioa zenbaterainokoa den. «Baten batek zalantzak izaten baditu, zaila da pertsona horrek taldean asko irautea. Azkenean, taldea uzteko erabakia hartzen du», argitu du Etxeberriak. Taldearen parte izateak nolabaiteko lana eskatzen du. «Ikuskizunak ongi prestatzeko asteazkenero 18:00etatik 19:30era egiten ditugu entseguak, eta ikuskizunen bat tarteko dugunean, 20:00ak arte luzatzen ditugu», adierazi du aktoreak.
Aktoreen alaitasuna aurrera egiteko ezinbestekoa da, eta zuzendariak aktoreek egindako lanarekin oso harro daude. «Obraren testua oso landuta dugu. Hala ere, guztira hogei egokitzapen egin behar izan ditugu behin betiko testua lortu arte. Gidoia egokitzea guztion lana da», adierazi du Morenok. Max Amateur saria eta aurreko urteetan lortutako Juan Mayorga sariak lantaldeak egindako lanaren isla dira. «Sari hauek irabazteak izugarrizko emozioa eragin zigun», gehitu du Etxeberriak. 2027an 20 urte egingo ditu antzerki elkarte irundarrak, eta berriki irabazitako saria 20 urteak borobiltzeko «izugarrizko oparia» izan da.
Publikoaren harridura
Ezezagunok antzerki elkartea «etiketarik gabeko taldea» da. «Gure ikuskizuna ikustera etortzen den orori pentsaera zabalarekin etortzeko esaten diegu», azaldu du zuzendariak. Ikuskizunetan, hainbat balio aldarrikatzen dituen elkartea da Ezezagunok. «Azken lan honetan, esaterako, feminismoa aldarrikatu dugu», kontatu du Lorenzok. «Harridura da nagusi. Publikoak ez du uste erritmo handiko obra egingo dugunik, ezta kapa askoko gidoiak prestatzen ditugunik ere».
Harridura hori ateak zabaltzeko tresna dela diote taldekideek. «Orain, Max Amateur saria aitzakiatzat hartuta, espero dugu ikuskizunak emateko dei ugari jasotzea», pozez, Morenok. Orain arte, Euskal Herrian eta Espainiako estatuan hainbatetan izan dira, baita Irunen ere. «Iazko abenduan Amaia KZn izan ginen; Donostian lana aurkeztea asko gustatuko litzaiguke», nabarmendu dute. Zuzendariek eskertu nahi izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak emandako laguntza. «Orain sariaz gozatzea tokatzen zaigu, sekulakoa egin baitugu».

